Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Barazki eta gaztaina frijituak arrautzekin, eta eskarola eta sagar entsalada
Barazki eta gaztaina frijituak arrautzekin, eta eskarola eta sagar entsalada
Osagaiak
  • Barazki frijitu opila egiteko
  • Patata txikiak, 500 g
  • Ilar izoztuak, 150 g
  • Gaztainak, 150 g
  • Berakatz-atal pare bat
  • Aza laurden bat (250 g)
  • Kuiatxo bat
  • Azenario bat
  • Oliba olioa
  • Gatza eta piperbeltza
  • Arrautzak egiteko
  • Arrautzak, 4
  • Pipermin fresko bat
  • Berakatz-atal bat
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Entsalada egiteko
  • Eskarola bat
  • Sagar bat
  • Ziapea, koilarakada txiki bat
  • Ozpina, koilarakada txiki bat
  • Oliba olio birjina, 50 g
  • Gatza
Prestaketa

Gaztainei laban batekin hozkada bat egin eta katilu batean sartuko ditugu. Ur tanta batzuk gainetik isuri eta sukaldeko plastikoarekin estali. Ondoren, mikrouhin labean sartuko ditugu 3 minutuz. Atera, zuritu beroak  dauden bitartean eta geroko gorde.

Patatak ondo garbitu eta egosten jarriko ditugu lapiko batean urez estalita eta gatz pixka batekin 25 bat minutuz. 15 bat minutu falta direnean, gaztaina zurituak gehituko ditugu bertara eta 5 minuturen faltan, ilarrak. Atera uretatik eta utzi iragazten.

Patatak egosten egon diren bitartean, berakatza, aza, kuiatxoa eta azenarioa laukitxotan moztu eta erregosten jarriko ditugu zartagin batean oliba olio pixka batekin 15 bat minutuz. Barazkiak erregosita dauzkagunean, patatak, gaztainak eta ilarrak gehituko dizkiegu gainerako barazkiei. Pixkanaka eta sardexka baten laguntzarekin, zartaginean dugun guztia birrintzen eta trinkotzen hasiko gara. 15 bat minutu horrela egon eta gero, gatza eta piperbeltza bota, sua igo eta patata tortilla baten itxura ematen joango gara. Bi aldeak gorritu zaizkigunean, plater batera atera eta zartagina berriro sutan jarriko dugu oliba olio pixka batekin. Zerratu pipermina eta berakatza eta oliotara bota, jarraian bertan arrautzak frijitzeko banaka.

Garbitu eskarola eta sagarra makilatxotan moztu. Katilu batean ziapea eta ozpina jarri eta pixkanaka oliba olio birjina gehitzen joango gara nahasi bitartean.

Zerbitzatzeko garaian, barazki opil zati bat platerean jarri, honen gainean arrautza frijitu bat eta bukatzeko eskarola eta sagar entsalada pixka bat jarriko diogu aldamenean.