Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Arrautza galdarraztatu hostorea boilurrarekin
Arrautza galdarraztatu hostorea boilurrarekin
Osagaiak
  • Hostore xafla bat
  • Arrautza bat margotzeko
  • BOILUR SALTSA EGITEKO
  • Boilurra, 20 g
  • Tipulatx bat
  • Barrengorriak, 6 ale
  • Pattarra, 75 g
  • Oliba olio birjina
  • Gurina, 15 g
  • Esne-gaina, 200 g
  • HOLANDAR SALTSA EGITEKO
  • Arrautza gorringoak, 3 ale
  • Ura, 2 koilarakada
  • Limoi erdiaren zukua
  • Gurina, 125 g
  • Boilur olio txorrotada bat
  • Estragoia
  • Gatza eta piperbeltza
  • ARRAUTZA GALDARRAZTATUAK EGITEKO
  • Arrautzak, 4 ale
  • Ura
  • Ozpin txorrotada bat
Prestaketa

Hostore xafla mahai gainean ireki eta edalontzi baten laguntzarekin edo pastak mozteko gailu baten laguntzarekin, borobilak moztu. Arrautza irabiatu eta brotxa baten laguntzarekin margotu moztutako borobilak. Jarraian, labea 200 °Can berotu eta bertan egingo ditugu, 15-20 minutuz. Gorde gerorako.

Lapiko txiki bat sutan jarri eta gehitu bertara gurina eta oliba olio txorrotada bat. Jarraian, tipulatxa txikitu eta erregosten jarriko dugu lapikoan. Bitartean, barrengorriak laukitxotan moztu eta erregosten jarriko ditugu tipulatxarekin batera. Behin barazkiak erregosita ditugula, pattarra gehitu eta esne-gainarekin bustiko dugu, dena su motelean murrizten utzi eta nahi dugun loditasunean daukagunean, boilurra gehitu eta gatza bota. Gorde gerorako.

Holandar saltsa azkarra egiteko, arrautzak, ura, limoi zukua eta gatz pixka bat katilu batean jarriko ditugu, eta hau Maria bainuan jarriko dugu sutan. Jarraian, adaxka baten laguntzarekin arrautza bat ondo harrotuko dugu, eta behin puntuan dugula, gurina laukitxotan moztu eta pixkanaka arrautzei gehituko diegu, uneoro adaxkarekin saltsari eragiten diogun bitartean, hau dena batu arte. Behin eginda dugunean, estragoia txikitu, pixka bat saltsari gehitu eta gatza botako dugu.

Arrautzak egiteko, lapiko zabal bat ura erdiraino daukala sutan jarriko dugu eta ozpin txorrotada eder bat botako diogu. Ura irakiten hasten denean, arrautzak bertara kraskatu eta 3 minutuz bertan galdarraztatuko ditu. Jarraian, aldamenean beste ontzi bat izango dugu ur epelez eta gatzarekin, eta bertara aterako ditugu arrautzak ozpin zaporea kentzeko. Jarraian, sukaldeko paper gainera aterako ditugu lehortzeko eta gero hostore barruan jarriko ditugu. Boilur eta barrengorri saltsari 4 koilarakada holandar saltsa gehitu, eta honekin, arrautza gainetik estali ondoren,  zerbitzatu.