Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Kausa Limako erara
Kausa Limako erara
Osagaiak
  • OSAGAIAK
  • Ahi hori pasta egiteko
  • Ahi horiak, 5 ale
  • Berakatz-atalak, 2 ale
  • Oliba olio birjina
  • Gatza
  • ALIOLIA EGITEKO
  • Arrautza bat
  • Berakatz-atal bat
  • Oliba olio birjina, 100 g
  • Ekilore olioa, 120 g
  • Limoi zukua
  • Gatza
  • KAUSA EGITEKO
  • Atuna kontserban, 150 g
  • Patata handiak, 4 ale
  • Ahi hori pasta, 2 koilarakada
  • Aliolia, 2 koilarakada
  • Oliba olio birjina, koilarakada bat
  • Lima baten zukua
  • Tipulin bat
  • Oliba beltzak, 4 ale
  • Lima azala birrinduta
  • Izokin arrautzak apaintzeko
Prestaketa

Pipermin horiei haziak kendu eta bi uretan galdarraztatu, 10 bat minutuz. Jarraian, zuritu eta berakatzarekin, gatzarekin eta olioarekin batera birrinduko ditugu. Gorde geroko.

Aliolia  egiteko, berakatza, gatza, arrautza eta limoi zuku pixka bat irabiagailuaren ontzian jarriko ditugu. Olioa gainetik botatzen hasiko gara, eta irabiagailua martxan jarriko dugu gure krema muntatu arte. Gatzez eta limoiz ondu eta gorde geroko.

Patatak garbitu eta lapiko batean urarekin eta gatz pixka batekin egosten jarriko ditugu bigundu arte. Jarraian, zuritu eta sardexka baten laguntzarekin ondo birrindu. Pipermin hori  krema koilarakada pare bat, oliba olio koilarakada bat, lima zukua, gatza eta piperbeltza gehitu. Ondo nahasi dena, eta hozkailuan gordeko dugu, ordu betez, hoztu arte.

Tipulina eta olibak txiki-txiki moztu eta atunarekin eta alioliarekin nahasiko ditugu. Errezeta bukatzeko, metalezko eraztun bat hartu eta oinarrian patata geruza bat jarriko dugu aurrena. Jarraian, atunarekin egindako geruza bat jarriko dugu, eta bukatzeko, beste patata geruza bat jarriko dugu. Izokin arrautza batzuekin eta perrexil adar batekin apaindu eta zerbitzatu.