Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

“Cochinita pibil” takoak guakamolearekin
“Cochinita pibil” takoak guakamolearekin
Osagaiak
  • Txerri burualdea, 300 g
  • Txerri izterra, 250 g
  • Achiotea, 100 g
  • Sagar ozpina, 30 g
  • Laranja zukua, 300 g
  • Baratxuri-atalak, 2 ale
  • Tipula bat
  • Gatza eta piperbeltza
  • “XNIPEC” TIPULA GORRI SALTSA EGITEKO
  • Tipula gorriak, 2 ale
  • Limak, 4 ale (zukua)
  • Habanar pipermin erdia
  • Martorri hosto batzuk
  • Oreganoa
  • Gatza
  • -arto taloak egiteko:
  • Berehalako arto irina, 350 g
  • Ur epela, 300 g
  • Gatza
  • GUAKAMOLEA EGITEKO
  • Ahuakatea, 2 ale
  • Jalapeño pipermin erdi bat
  • Lima baten zukua
  • Gatza
Prestaketa

Achiotea laranja zukua eta ozpinarekin disolbatu. Jarraian, birrindu egingo ditugu irabiagailuarekin tipula eta baratxuriarekin batera. Txerri haragia zatietan moztu eta gatzez eta piperbeltzez ondu. Ondoren, marinatzen jarriko dugu aurreko orearekin egun batetik bestera. Behin haragia onduta, labeko erretilu batean jarriko dugu, eta aluminio-paperarekin bilduko dugu. Laberatu eta bertan egin pare bat orduz, 180 °Can. Eginda dagoenean, atera, utzi hozten eta marinatzen eduki dugun ontzira pasako dugu, bertan eskuekin desegin eta gatza botatzeko. Gorde geroko.

"Xnipec" tipulak egiteko, tipula fin-fin moztu eta katilu batean lima zukua, habanar piperra (hau ere fin-fin moztuta), oreganoa eta gatz pixka bat bota, eta pare bat orduz utzi. Gorde geroko.

Guakamolea egiteko, piperminari haziak kendu eta motrailuan jarriko dugu gatz pixka batekin. Pipermina pasta bat bezala daukagunean, ahuakatea bertara gehitu eta dena ondo birrinduko dugu, lima zukua gehitzen diogun bitartean. Gatza bota eta gorde geroko.

Arto tortillak egiteko, irina katilu batean jarri, gatz pixka bat gehitu eta pixkanaka ur epela gehitzen joango gara, eskuekin landu bitartean. Behin orea eskuetan itsasten ez dela ikusten dugunean, 40-50 gramoko bolatxoak egingo ditugu, eta hauek taloak egiteko prentsatik pasa ondoren, zartagin batean egingo ditugu oliorik gabe. Zartaginetik askatzen dela ikusten dugunean, buelta eman eta beste aldea egin. Behin eginda, sukaldeko trapu batekin estali eta gainerakoak egin.

Zerbitzatzeko, arto tortilla oinarri bezala hartuta, txerri haragiarekin bete, tipula batzuk gainean jarri, martorri hosto batzuk gehitu eta zerbitzatu, guakamolea aldamenean edo barruan duela.