Itxi

lehenengoak

lehenengoak

Lehenengoak

Fezeko kuskusa
Fezeko kuskusa
Osagaiak
  • Oilasko izterrak, 3 ale
  • Oliba olio birjina
  • Tipula eder bat
  • Baratxuri-atalak, 2 ale
  • Kurkuma hautsa, koilarakada txiki bat
  • Jengibre hautsa, koilarakada txiki bat
  • Gatza eta piperbeltza
  • Azafrai hari batzuk
  • Oilasko salda, 200 g
  • Txitxirio egosiak, 200 g
  • Kuskusa egiteko:
  • Kuskusa, 150 g
  • Ura, 200 g
  • Gatza
  • Oliba olio birjina, txorrotada bat
  • Tfaya saltsa egiteko:
  • Tipula, 2 ale
  • Mahaspasak, 150 g
  • Eztia, koilarakada bat
  • Kanela hautsa, koilarakadatxo erdi bat
  • Oilasko salda, 75 g
  • Gatza
Prestaketa

Tipula xerra finetan moztu eta baratxuriak zanpatu. Lapiko bat su ertainean jarriko dugu oliba olio koilarakada pare batekin, eta beroa dagoenean, bertara gehitu tipula, baratxuria, kurkuma, jengibrea, azafraia, gatza eta piperbeltza. Utzi salteatzen, 3-5 minutuz. Jarraian, oilaskoa gehituko diogu, eta beste 5 minutuz bertan utzi egiten, noizean behin buelta batzuk emanez. Oilasko saldarekin busti, tapa jarri, sua jaitsi eta utzi egiten 45 minutuz. Denbora pasa denean, txitxirioak gehitu eta utzi beste 10 minutuz egiten eta zapore guztiak batzen.

Oilaskoa egin bitartean, saltsa egingo dugu. Horretarako, lapiko bat su ertainean jarri oliba txorrotada batekin, eta bertan jarri erregosten tipulak xerratan moztuta 20 bat minutuz. Tipula egin bitartean, mahaspasei ura irakiten gehitu eta 10 minutuz beratzen edukiko ditugu bertan. Tipula egin zaigunean, mahaspasak iragazi eta tipulari gehituko dizkiogu eztiarekin eta kanela hautsarekin batera. Utzi 10 bat minutuz egiten, eta jarraian, oilasko salda gehituko diogu, gatza bota eta utzi su motelean irakiten, kolore marroidun saltsa lodi bat lortu arte. Gorde geroko.

Kuskusa egiteko, irakin ura gatz pixka batekin eta kuskusari gehituko diogu. Nahasi dena pixka bat eta tapa bat jarri. 5 bat minutu pasa ondoren, tapa kendu eta oliba olio txorrotada bat gehitu eta sardexkaren laguntzarekin askatu kuskus aleak.  

Zerbitzatzeko, kuskusa plateraren oinarrian jarriko dugu, honen gainean oilaskoa saltsan bere txitxirioekin, eta bukatzeko, tfaya saltsa pixka bat gainetik.