Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Eguberrietako menuak

Hornitzaileen astea da hau 'Txoriene'n!

A.A.

EiTB

Eguberrietako otorduetarako ideiak emateko, hainbat hornitzaile gonbidatu ditu Zigor Iturrietak gastronomia saiora.

  • SalaNort-eko Yon Uyarra eta Zigor Iturrieta

    SalaNort-eko Yon Uyarra eta Zigor Iturrieta

Hornitzaileen astea izango da honako hau "Txoriene" gastronomia saioan. Eguberri egun hauetako otorduetarako ideiak emateko, hainbat hornitzaile izango ditu gonbidatu Zigor Iturrietak saioan.

Astelehenean, Salanort etxeko Jon Uyarra izan dugu. Mota guztietako kontserbak saltzen dituzte Getariako denda honetan, jaki berezi eta goxoak. "Txoriene"n antxoa eta guakamoledun kaneloi hotzak prestatu ditu lehendabizi Zigor Iturrietarekin batera. Ondoren, olagarroa, patata konfitatuarekin eta fruta alioliarekin egiten erakutsi digute. Eta azkenik, hegaluze mendrezka, tomate konfitatu eta txerri-belarri karraskuarekin prestatu dute.

Asteartean, Goiburu ahatekien txanda izan da. Luis Mari Tello etorri zaigu ordezkari eta plater hauek egiten erakutsi digute Zigor Iturrietak eta biek: foie eta ahate-urdaiazpiko entsalada fruitu gorriekin, ahate-gibel freskoa tatin tarta gainean eta ahate-magret eta barazki broxeta piku saltsarekin.

Asteazkenean, ardoaren txanda izan da. Contador upategiko Igor Berriozabalgoitia izan da gonbidatu eta ardoarekin prestatzen diren edo ardoarekin ondo uztartzen diren hiru plater egiten erakutsi digute, Gabonetarako egokiak hauek ere: txipiroi eta tomate iberikozko pintxoa, arkume txuletak xirmendutan erreak eta txokolate eta ardo pastela.

Osteguna, Gabon eguna izan dugu eta "Txoriene"k gozogintzari zabaldu dio atea Aizpurua gozotegiko Horacio Hacin gonbidatu duela. Errege egunerako errege-opila eta enpiñonadak egiten ikasi dugu.

Eta Eguberri Egunean, abenduaren 25ean, Erronkariko gazta izan da protagonista Zigor Iturrietak aurkezten duen saioan. Gaizka Aranguren eta Jabier Urrutia izan ditugu saioan eta gaztarekin egindako bi plater prestatzen ikasi dugu: patata erregosiak Erronkari gaztarekin eta bakailaoa tomate krematearekin eta Erronkari gaztarekin.

Jai egunak tartean izan arren, aste honetan egunero izango dugu "Txoriene" eitb.eus-en eta ETB1en 15:00etan.