Txoriene
Gastronomia ETB1en
Ainhoa Lendinez eta Mexikoko gastronomia, aste honetan, 'Txoriene'n
Karmele Balerdi eta Abigail Mendoza izango ditu gonbidatu.
Aste honetako 'Txoriene'k mota guztietako jakiak eta gonbidatuak izango ditu. Ainhoa Lendinez kazetari eta korrikalariarekin hasi ginen, eta Mexikoko gastronomiarekin amaituko dugu.
Astelehenean, kirolarien saioan, Ainhoa Lendinez Euskal Telebistako kazetari elgoibartarra izan zuen gonbidatu Zigor Iturrietak. Euskal Filologia eta Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zituen, eta hainbat lanetan aritu da: irakasle, euskara teknikari, euskara zuzentzaile, itzultzaile, kazetari... Gainera, mendi-lasterketetan ibiltzen da. 'Txoriene'n lanari eta bere kirol jarduerari buruz hitz egin zuen, hiru plater hauek prestatu zituzten bitartean: arroz gorria kuia, perretxiko eta arbendolekin; zaldi entrekota, barazki tianarekin, eta marrubi opiltxoak, arroz eztiarekin eta intxaurrekin.
Asteartean, adituen tartean, Aritz Urdanpileta, kirol elikaduran aditua, izan genuen Zigor Iturrietarekin. Hainbat gomendio eman zituen, eta bi plater prestatu zituzten elkarrekin: tallarinak muskuiluekin, barazkiekin eta pesto saltsarekin, eta atun tatakia.
Asteazkenean, haurren saioa izan genuen. Zigorren alaba, Araitz Iturrieta, eta haren laguna, Intza Zenitagoia, sartu ziren sukaldera; eta umeekin egiteko moduko plater batzuk prestatu zituzten: patatak labean erreta, probentzal erara; enpanadila orearekin egindako pizza bilkariak; koko opiltxoak; eta marrubi eta jogurt irabiakia.
Hornitzaileei zabaldu zien atea 'Txoriene'k ostegunean. Laneko kooperatibako bi kide etorri zitzaizkigun: Aitor Intxaurraga gerentea eta Jon Lezama langile eta bazkidea. Duela 20 urte sortu zen Lea-Artibai eskualdeko baserritarren kooperatiba hau, bertako baserrietako ekoizpenari irtenbidea emateko helburuarekin. Saio honetako menua euren produktuekin osatu zuten: bakailaoa Bizkaiko erara eta ahate paparra bi saltsarekin.
Ostiralean, Mexikora egingo du hegan ETB1eko sukaldaritza saioak, Karmele Balerdi eta Abigail Mendoza izango baititu gonbidatu Zigor Iturrietak. Karmele Balerdi donostiarra da, baina, Pablo San Roman senarrarekin batera, jatetxe bat dauka Mexiko Hirian. Handik etorri dira Donostiara, Mexikoko hainbat sukaldarirekin batera, hango platerak prestatu eta elikadurari buruzko jardunaldietan parte hartzera. Sukaldari mexikar horietako bat da Abigail Mendoza, Oaxaca estatukoa, zapotekoen herrikoa. 'Txoriene'n bere herriko gastronomiako bi plater prestatuko dizkigu: Tlayuda eta kuia-lore zopa chepilekin.
Astelehenetik ostiralera, 15:00etan izaten da 'Txoriene' eitb.eus-en eta ETB1en.