Itxi

Txoriene

Txoriene

Txoriene

Gastronomia saioa

'Ortutik ahora' ekokateringa eta Zugasti sukaldaria, 'Txoriene'n

Denboraldiaren azken saioei helduta, Ander Txakartegi kirolaria, Silvana Huegun dietista eta Donostiatik saiora hurbildu diren umeak izango dira Zigor Iturrietarekin sukaldean.

Aste honetan, Ander Txakartegi irakasle eta kirolaria, Silvana Huegun elikadura aholkulari eta nutrizionista, eta Donostiatik etorriko diren familia bateko umeak ezagutzeko aukera izango dugu 'Txoriene' sukaldaritza saioan. Horrez gain, baratze kontuekin lotuta, Sergio Gonzalez ezagutu dugu. Eta denboraldia modu ezin hobean bukatzeko, ostera, Aitzol Zugasti sukaldariarekin izango da Zigor Iturrieta.

Astelehenean, Ander Txakartegi irakasle eta kirolaria izan dugu 'Txoriene'ko sukaldean, kirolaz eta bere zaletasunez hitz egiteko. Bere ibilbidea eta beste zertzelada batzuk azaltzeaz gainera, txirrindularitza eta muturreko kirolei helduta, sukaldean nola moldatzen den erakutsi digu. Oilaskoa arrozarekin eta jogurt saltsarekin; ilar mamia eta, bukatzeko, 'maduros en gloria' deritzon Nikaraguako errezeta bat egiten irakatsi digute Zigorrek eta berak.

Asteartean, ostera, dagoeneko ezagutzen dugun gonbidatu bat izan da gurean, Silvana Huegun dietista eta elikadura aholkularia alegia. Oporretan geure gorputzak ezin hobeto zaintzeko, udarako hamaika gomendio gastronomiko izan ditu ardatz. Era horretan, errezeta osasungarri eta errazak aurkeztu ditu: tomate patea; patata tortilla beganoa azenario alioliarekin eta barazki pastela, berro maionesarekin.

Astearen erdira iritsita, asteazkeneko saioan, umeei zabalduko dizkiegu ateak; izan ere, Donostiatik etorri diren familia bateko hiru ume izango dira ETB1eko saioan, Naia Ugarte, Peru Ugarte eta Maddi Alvarez. Sukaldariaren azalean, ogibide honetan jarduteko zer-nolako etorkizuna duten erakusteko aukera izan dute, Zigorrekin errezeta batzuk prestatuta: brisa orea edo ore hauskorra; azalore eta baratxuri tarta eta barrengorri, hirugihar eta gazta tarta.

Ostegunean, baratzea eta baratzeko produktuak izan dira protagonista. 'Ortutik ahora' ekokateringa elkarteko Sergio Gonzalez izan da gurean. Aurkezten duten ikuspuntu agroekologikotik, bertako filosofia eta apustuen berri eman digu. Horretarako, bi plater egiten irakatsi digu: baba falafela, baratxuri beltzen alioliarekin, eta Busturiko pikuluze tomatearen tartarra, baratxuri zuriaren zoparekin.

Asteburua ate-joka dugula, denboraldiaren azken saioa izango da ostiralekoa. Horretarako, Basque Culinary Centerreko kudeatzaile eta irakasle ezagun bat izango da saioan: Aitzol Zugasti sukaldaria. Sukaldean duen trebezia eta esperientziei erreferentzia eginez, bi plater berezi ekarriko ditu 'Txoriene'ko mahai gainera: bakailao takoa bere tripakiekin, ajoarriero erara eta Costa Ricako kafea.

Plater berriak prestatzen ikasi nahi izanez gero, 'Txoriene' ikusi, astelehenetik ostiralera, ETB1en eta eitb.eus-en, 15:00etatik aurrera.