Ekonomia -

Langile publikoak

Jaurlaritzako funtzionarioek 2015eko ordainsari bat jasoko dute gaur

Gainera, 2012ko ordainsariaren % 25a ere jasoko dute apirilean, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publiko eta Justizia Sailak jakinarazi duenez.

Funtzionarioek 2015eko ordainsari bat jasoko dute astelehen honetan. Argazkia: EiTB
Jaurlaritzako funtzionarioek bihar jasoko dute 2015eko ordainsari bat

0:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Administrazio Publikoaren 70.000 langile publikoei 2015eko lehenengo ordainsaria aurreratuko die astelehen honetan, hilak 5, Iñigo Urkulluren Exekutiboak. Gainera, funtzionarioek 2012ko ordainsariaren % 25a ere jasoko dute apirilean.

Horrela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publiko eta Justizia Sailak. Halaber, abenduko ordainsaria uztailean ordainduko duela aditzera eman du.

Hirugarren urtez jarraian funtzionarioen ordainsariak aurreratzeko erabakia hartu du Eusko Jaurlaritzak, "ordainketak egiteko data normalak berreskuratu ahal izateko oraindik goiz delako". Abenduko ordainsariaren ordainketa bertan behera uzteko erabaki zuen 2012an Espainiako Gobernuak. Jaurlaritzak azaldu duenez, Euskadiko kontsumoaren onerako hartutako erabakia da.

Halaber, langile publikoek 2012ko ordainsariaren % 25a ere jasoko dute apirilean, Eusko Jaurlaritzako Administrazio Publikoa eta Justizia Sailak jakinarazi duenez. Horrela, Jaurlaritzak bat egingo luke Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren ostean Espainiako Gobernuarekin adostutakoarekin. Estatu mailan, berriz, langile publikoek urtarrileko soldatan berreskuratuko dute 2012ko ordainsariaren % 25 hori.

Neurri horrek 50 milioi euroko aurrekontua izango du. Hala ere, lehen 2012ko ordainsariaren parte bat kobratu zutenek ez dute oraingoan ezer jasoko, Jaurlaritzak zehaztu duenez. Gasteizko Exekutiboak 2015erako onartutako Aurrekontuen Lege-Proiektuaren barnean daude bi erabaki horiek.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gogora ekarri duenez, Auzitegi Konstituzionalak pendiente ditu Konstituzioaren aurkako lau helegite, 2012ko abenduaren ordainsariarekin lotutakoak, besteak beste. Urkulluren Gobernuak adierazi duenez, "denbora luzea igaro da, eta bada garaia goi-auzitegi horrek haren ebazpena ateratzeko, milaka funtzionarioek pairatzen duten ezegonkortasunari amaiera eman ahal izateko, eta Euskadiko administrazio publikoek arau finkoekin normaltasunez lan egin ahal izateko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea