Ekonomia -

Eguneko albisteak

Apirilaren 7ko albisteak

Egunari ekin baino lehen ezagutu beharreko bost albisteak.

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Langabeziak EAEn baino ez du gora egin

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) enplegu bulegoetan izena emanda dauden lagunen kopuruak gora egin du martxoan, Estatuko gainerako erkidego guztietan behera egin badu ere. Zehazki, 510 langabe gehiago zenbatu dira EAEn, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta. Hortaz, 171.405 lagun daude lan barik. Nafarroan, hobea izan da datua, langabe kopurua jaitsi egin baita (622 lagun), Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren arabera.

Lurraldeka, eta otsaileko datuekin alderatuz gero, Gipuzkoan bakarrik egin du behera langabeziak (194 lagun, -% 0,41 gutxiago); 46.844 langabe daude lurralde horretan. Bizkaian gora egin du lan barik daudenen kopuruak (695 pertsona, % 0,72ko gorakada). Horrenbestez, 96.633 bizkaitar daude lan bila. Araban, apalagoa izan da hazkundea (bederatzi lagun, % 0,03 gehiago) eta, hortaz, 27.928 langabe daude.

Gasteizko hilketa matxista salatzeko eguna

Gasteizko Udalak eta Emakundek ostegunean izandako hilketa matxista gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute gaurko, 12:00etan, Espainia Plazan. Egun horretan, 34 urteko gizon batek bikotekidea (29 urte) hil zuen. Ertzaintzak atxilotu egin zuen, eta, orduan, hilketaren egilea dela aitortu zuen. Larunbatean, kartzelatzea agindu zuen epaileak.

Emakundek ohar batean adierazi duenez, "indarkeria mota hau emakumeei zuzendutako mehatxu tresna bat da, gaur egun indarrean dauden genero arauak alda ez daitezen". Bestalde, Astearteak Eguzkitan eta Astelehen Moreak kolektiboek beste kontzentrazio bat deitu dute Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean, 19:00etan.

Cospedal, jomugan

Azken bi urteetako lehen zuzendaritza bilera dute gaur Alderdi Popularreko buruzagiek. 600 kide bilduko dira Madrilen. Mariano Rajoy Espainiako presidente eta PPko buruaren esanetan, batzarraren helburua hauteskunde urte honi begirako estrategia komuna zehaztea da. Andaluziako bozetan izandako porrota erdizka onartu du buruzagiak, baina azpimarratu du ez dituela alderdian aldaketarik egingo. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren kudeaketa izango da, besteak beste, batzar honetako gaietako bat, publikoki hala iragarri ez badute ere.

cospedal rajoy andaluzia hauteskundeak biharamuna PP EFE

EHko Itzuliaren bigarren etapa

Astearte honetan bigarren etapa jokatuko da (175,4 kilometro, Bilbo eta Gasteiz artean). Tropelak lehen mailako mendate bat (Urduña) eta hirugarren mailako bost gainditu beharko du. Azkena, Zaldiaran, helmugarako 10 kilometroren faltan dago. Atzo, Michael Matthews (Orica GreenEdge) australiarrak irabazi zuen Euskal Herriko Itzuliaren lehen etapa, eta, ondorioz, bera da probako lehen liderra. Jardunaldiak Bilbon izan zituen irteera eta helmuga, eta hiru mendate puntuagarri egon ziren.

Aste Santuan, turistaz lepo

Datuak emateko oraindik goiz bada ere, litekeena da 2015eko Aste Santu honek datu onak utzi izana Euskal Autonomia Erkidegoan. Hotelak % 90ean egon dira beteta, eta zenbait kasutan (kostaldean ostiral eta larunbatean) % 100ekoa izan da okupazioa. Bereziki turista frantsesak, madrildarrak eta kataluniarrak izan dira gurean. Bilboko Aireportuan 133 hegaldi eta 20.000 bidaiari izan ziren atzokoan. Zirkulazioari dagokionez, bikain amaitu da Aste Santua EAEn, ez baita errepideetan inor hil.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gaur