Ekonomia -

Lan-gatazka

Gasteizko ostalariek bertan behera utzi dute Blusaren Eguneko greba

Patronalak irailean lan-hitzarmen berri bat adosteko konpromisoa hartu duelako erabaki dute protestarik ez egitea.

Blusaren Eguna, Gasteizen. Argazkia: Efe
Blusaren Eguna, Gasteizen.
Blusaren Eguna, Gasteizen. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko ostalaritza sektoreko sindikatuek larunbaterako, Blusaren Egunerako, deitua zuten greba bertan behera uztea erabaki dute, Patronalak irailean lan-hitzarmen berri bat adosteko konpromisoa agertu duelako.

SEA patronalak eta UGT eta LAB sindikatuek azaldu duenez, irailean "fede onez" negoziazioei ekiteko konpromisoa dute. Egun dituzten desadostasunak gainditzen saiatzeko proposamenak eramango dituzte, eta greba bertan behera utzita, "Blusaren eta Neskaren Egun normal bat" ahalbidetuko omen dute.

UGTren egoitzan egindako bileran lotu dute akordioa Gasteizko Ostalaritza Elkarteak, SEA Ostalaritzak, SMCk, UGTk, ELAk, CCOOk eta LABek.

SEAk aurreratu du iraileko negoziazioan "Arabako ostalaritza sektorearentzat lehiakorra izango den akordioa" defendatuko duela.

UGT, ELA, CCOO eta LAB sindikatuek sektorearen lan-baldintzak hobetuko lituzkeen lan-hitzarmena eskatzeko deitu zuten greba, ostalaritzako langileen soldatak ez dituztelako igo lau urtetan, eta horrek erosteko ahalmena % 4,6 murriztu dielako.

Azkeneko bileran, uztailaren 8an egindakoan, patronalaren proposamena "probokazio"tzat jo zuten sindikatuek, 2010eko oinarrizko soldata % 20 murriztea proposatzen zuelako kontratazio berrientzat, lan-orduak gehitzea, eta malgutasuna % 15eraino igotzea.

Gainera, patronalak antzinatasunaren, gaueko lan orduen eta igandeetako eta jai egunetako gehigarriak murriztu eta kaleratzeak merkatu nahi zituela salatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz