Ekonomia -

Meza Loiolao Basilikan

Euskadi 'norabide onean doa', Tapiaren iritziz

Hala ere, Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak adierazi duenez, "triunfalismoak saihestu behar dira, oraindik langabe ugari baititugu".

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburua. Argazkia: EITB
Jaurlaritzak uste du ekonomian ez dagoela triunfalismorako lekurik

1:32

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak azpimarratu duenez, datu ekonomikoei erreparatuta, Euskadi "norabide onean doa". Dena dela, sailburuak ohartarazi duenez, "triunfalismoak saihestu behar dira, oraindik langabe ugari baititugu, eta hori Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da".

Loiolako San Inazioren harira Azpeitiko Loiola Basilikan izandako ekitaldi instituzionaletan parte hartu du Tapiak. Sailburuak gogora ekarri duenez, Lehiakortasunerako eta Turismorako Foroek eta Ricardo Gatzagaetxeberria Ogasun sailburuak BPGaren inguruan eskainitako datuen arabera, "onera goaz".

"Egoera hobea da, enpresak hazi egin dira, hori egia da, baina oraindik herritar ugari ditugu langabezian, eta guretzako hori lehentasuna da", esan du Tapiak.

Zentzu horretan, nabarmendu duenez, Euskadi "norabide onean doa, baina triunfalismorik ez". "Egunero lan eta lan egin behar dugu, atsedenik gabe, langabezian dauden lagun horiek lana aurkitu arte, eta herrialde orekatuagoa ere lortzeko", gaineratu du.

Euskal Estatu baten eraikuntza

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia ere bertan izan da, eta esan duenez, "EAJren sortze-helburua euskal Estatu subirano baten eraikuntza da, baina horrek denbora eta bere prozesua izan beharko ditu".

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako presidenteak atzo Mutrikun egindako adierazpenen gainean galdetu diote Olanori. Egibarrek esan zuenez, "nazioen arteko begirunea bermatzeko modurik onena independentzia da". Halaber, "helburuak partekatzen dituztenen artean, urratsak ematearen alde" azaldu zen.

Horren harira gaur Olanok adierazi duenez, "Alderdi Sozialistekin akordioak lotzerako orduan, ez ditugu, ezta gutxiagorik ere, alderdi bakoitzaren ideia politikoak aldera batera utzi".

Etxeraten txostena

Bestalde, Etxerat euskal presoen senideen elkarteak elkarretaratzea egin du Loiolako Basilikaren atarian, xede izanik euskal presoen sakabanaketa salatzea. Gauzak horrela, 100 bat kide bildu dira bertan, eta presoen itzulera eskatu dute hainbat kartelen bitartez. Gainera, 'euskal presoak, etxera' oihuak ere bota dituzte.

Agintarien presentziaren harira, Etxeratek presoen sakabanaketaren inguruko txostena eman die Eusko Jaurlaritzako agintariei. Urrutian preso dauden senideei eta adiskideei egin beharreko bisitek zer nolako dirutzak eraman dituen azpimarratu dute Etxeratekoek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea