Ekonomia -

Esnearen prezioa

Manifestazioa Bruselan, esnearen sektorearen krisia salatzeko

Europar Batzordeak 500 milioi euroko diru-laguntza proposatu du esnearen krisialdia pairatzen duten abeltzainentzat.

Brusela. Argazkia: EFE
Brusela. Argazkia: EFE
Esnearen kateak diru laguntzak barik gardentasuna eta oreka behar ditu

1:41

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako abeltzainek manifestazioa egin dute gaur Bruselan, Europar Batasuneko Kontseiluaren egoitzatik gertu, esnearen sektoreak bizi duen krisiari aurre egiteko neurriak eskatzeko.

Hala, Europar Batasuneko hainbat herrialdeetatik joandako -Belgika, Herbehereak, Frantzia, Italia eta Espainia, batez ere- 3.000 abeltzainek parte hartu dute protesta ekitaldian, Polizia iturriak aipatuta Le soir egunkari belgikarrak berri eman duenez.

Ildo horretan, Europar Batasunean esnearen ekoizpena murriztearen beharra nabarmendu du Romuald Schaber European Milk Board erakundeko presidenteak. "Merkatua gainezka dago eta prezioak hondoa jo du", adierazi du, herrialde batzuetan esne litroaren prezioa 20 zentimora gerturatzen ari dela azpimarratu du aurretik.

"Ekoizpena murrizten ez bada, merkatuak okerrera egiten jarraituko du", berretsi du ohar batean.

Nekazaritzako ministroak egiten ari diren ezohiko bilerarekin bat eginez egin dute protesta ekitaldia; izan ere, esnearen prezioak behera egin ondotik sektorean sortu den krisiari aurre egiteko soluzio bila elkartu dira Europar Batasuneko agintariak.

Europak etsi eta lagunduko du

Horrezkero, Europako Batzordeak 500 milioi euroko diru-laguntza proposatu du krisiak jota dauden sektoreentzat, bereziki, esnea ekoizten duten abeltzainentzat. Esan duenez, "berehala" aplikatzeko moduan izango da neurri-sorta.

"Erantzun honek erakusten du Batzordeak seriotasunez hartzen duela abeltzainenganako erantzukizuna eta prest dagoela diru-partida aproposekin laguntzeko", esan du Jyrki Katainen Enplegurako Europar Batzordeko presidenteordeak; gaur Phil Hogan Nekazaritzako ordezkari titularraren ordez dago.

Zehatz-mehatz, neurriok likidezia arazoei aurre egiteko eta merkatuak baretzeko zuzenduko dituzte, baita esnekien eskaintzaren funtzionamendua hobetzeko ere.

Hala, proposamenen artean, Estatu kideek euren artean banatuko duten laguntza ekonomikoa abiaraziko dute, bereziki krisiak gogorren jo dituen nekazarien herrialdeak zainduko dituzte. Horren ildotik, Batzordeak ziurtatu egin du gutxi barru zehaztuko duela laguntzon banaketa.

Gainera, Batzordeak baimenduko du Nekazaritza Politika Bateratuak aurreikusitako laguntzak aurreratzea % 70raino. Hain zuzen, Espainiako, Frantziako, Italiako eta Portugalgo Nekazaritza ministroek egindako eskaria da. Era berean, Europako Batzordeak onartu egin du eremua eta animalia kontuan hartuta eska litezkeen laguntzak aurreratzea, % 85eraino.

Esnearen sektorearentzako "neurri eraginkorrak" eskatu dituzte Iruñean

Bestalde, EHNE sindikatuko abeltzainek kontzentrazioa egin dute gaur Iruñean Espainiako Nekazaritza ministerioari eta Europako Ministro Kontseiluari esnearen sektorearentzako "neurri eraginkorrak" eskatzeko.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen egoitzaren alboan egin dute elkarretaratzea eta Arabako abeltzainek bat egin dute protesta ekitaldiarekin.

Ohar bidez azaldu dutenez, protestaren helburua da esne kuoten desagertzearen ondotik sektoreak bizi duen egoera "larri, bidegabe eta lotsagarria" salatzea. "Erabaki politiko honek industriaren eta banaketa kate handien eskuetan utzi du etxalde txikien etorkizuna", adierazi du. Hori dela eta, "benetako konpromisoak" eskatu dizkio Espainiako Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Brusela albisteak