Ekonomia -

Zerga iruzurra

EAEko ogasunek isun handiak dituztenen izenak plazaratuko dituzte

Hala, urteko lehenengo seihilekoan aurreko urte amaieran milioi bat eurotik gorako zorra zutenen izenak eta zenbatekoak argitaratuko dituzte aldundien webguneetan.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ogasunek milioi bat eurotik gorako isunak edo zorrak dituzten zergapekoen izenen zerrendak plazaratuko dituzte, iruzur fiskalari aurre egiteko asmoz.

Arabako Aldundiak jakitera eman duenez, foru arau bat onartu du, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunekin batera, eta horren arabera, zor handiak dituzten zergadunen zerrenda argitaratu ahal izango dute.

Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak azaldu duenez, zerga iruzurraren kontrako borroka da Aldundiaren "lehentasun" handienetako bat. Hala, 1,8 milioi euroko inbertsioa egingo dute ikuskaritza zerbitzuetara bideratutako teknologian, eta bost ikuskari kontratatuko dituzte.

Onartu berri den Zerga Lege Orokorrera egokitu dute araua, eta aldundien webgunean jarriko dute zerrenda.

Bizkaiko Diputazioak adierazi duenez, Foru Gobernuko Kontseiluak bihar, asteartea, onartu du ekimena; izan ere, beste bi lurralde historikoen ogasunekin adostutako neurria da.

Hala, urteko lehenengo seihilekoan, aurreko urteko abenduaren 31ko zordunaren izena eta zenbatekoa jakinaraziko dituzte, milioi bat eurotik gorako kopurua denean.

Zerrenda argitaratu ostean zordunak egiten dituen ekintzek ez dute zerrendaren argitalpenean eragingo. Izan ere, zerrendan bere izena argitaratuko dela jakinaraziko zaio zordunari, eta horrek 10 eguneko epea izango du alegazioak sartzeko.

Bestalde, Gipuzkoako Diputazioak zabaldutako ohar baten bidez Jabier Larrañaga Ogasun eta Finantza buruak nabarmendu du neurriaren helburua "gizarteak gaitzesten dituen jarrerak ezagutaraztea" dela. Gainera, "zerga-betebeharrak borondatez betetzeko asmoz abiatutako ekintzen eta prebentzio-tresnen sortaren baitan" kokatu dute aipatutako neurria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Gipuzkoa Araba Ekonomia berriak Gaurko azken ordukoa