Frantzisko aita santua -

Konklabea

Horrela jarraitu ditugu zuzenean konklabearen hasiera eta ke beltza

19:42. KE BELTZA. Aita santu berria aukeratzeko lehen bozketaren emaitza negatiboa izan da. Kardinalak Kapera Sixtinoan sartu bi ordu eta zazpi minutu geroago atera da ke beltza tximiniatik.

Ke beltza
Ke beltza
Ke beltza, aita santua aukeratzeko konklabearen lehen egunean

0:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

19:42. KE BELTZA. Aita santu berria aukeratzeko lehen bozketaren emaitza negatiboa izan da. Ke beltza trinkoa izan da, eta hainbat denboraz atera da tximiniatik, zalantzarik egon ez zedin. 115 kardinalak Kapera Sixtinoan sartu eta bi ordu eta zazpi minutu geroago atera da ke beltza tximiniatik. Lehen ke beltz horren ondoren, kardinalek bozketa berria egingo dute bihar.

19:21. Jendetza bildu da Vatikanoko San Petri plazan, kearen zain. Kardinalek bozketa egingo balute egongo litzateke gaur kea. Baina ez da derrigorrezkoa gaur bozketarik egitea.

18:48. Aurreikuspenen arabera, lehen ke hori beltza izango da. Federico Lombardi Vatikanoko prentsa buruak azaldu duenez, ''zaila'' da lehen bozketan emaitza positiborik lortzea.

18:37. Gaua heltzen ari da Erromara. Ehunka lagun bildu dira dagoeneko Vatikanoko San Petri plazan, eguna euritsua bada ere. Kearen zain daude.

18:19. Giovanni Battista Re kardinala da konklabearen gidaria.

18:10. Konklabeak irauten duen bitartean, kardinalek inkomunikatuta egon behar dute: ezin dira kanpoarekin harremanetan jarri, ezin dute eskutitzik hartu, ez eta telefonoz hitz egin ere.

18:07. James Harvey kardinalak du atea ireki eta ixteko ardura aurrerantzean.

18:00. Behin ateak itxita, Prosper Grech Maltako kardinalak aita santu berriaren aukeraketaren inguruko gogoeta abiatuko du. Hausnarketa bukatuta, Grech kardinalak eta Guido Marini Zeremonia Liturgiko-Pontifikalen maisuak Kapera Sixtinoa utziko dute, eta berriz ere itxiko dituzte ateak.

17:34. Ateak itxi dituzte. Suitzako guardiak zainduko du aurrerantzean Kapera Sixtinoa.

17:31. Zeremonia Liturgiko-Pontifikalen maisuak Extra Omnes (Denak kanpora) esan du, eta konklabean parte hartuko ez duten guztiak Kapera Sixtinotik irten dira.

17:30. Azken kardinalak zin egin du.

17:17. Zin egiten jarraitzen dute.

17:10. Kardinal hautesle bakoitzak, lehentasunaren arabera, formula honekin zin egin du: "Eta nik (izena), (abizena) kardinalak, zin egin eta nire burua behartzen dut". Eskua Ebanjelioaren gainean jarrita, erantsi du: "Jaungoikoak eta eskuarekin ukitzen ditudan Ebanjelio Santuek lagundu gaitzatela".

17:00. Banan-banan ari dira zin egiten kardinalak. Rouco Valeraren txanda iritsi da.

Conclave-Juramento-EITB

(Rouco Valera, zin egiten)

16:53. Kardinalak zin egiten hasi dira.

16:48. Hasi dira abesten Veni Creator Spiritus Espiritu Santua inbokatzeko ereserkia.

Conclave-EITB

(Kardinalak, abesten)

16:44. 115 kardinalak hasi dira beren tokia hartzen. Ondoren, Veni Creator Spiritus Espiritu Santua inbokatzeko ereserkia abestuko dute.

16:41. Kardinalak Kapera Sixtinoan dira jada.

16:34. Kardinalak, Kapera Sixtinora bidean.

(Kapera Sixtinorako bidea)

16:30. Kardinalak Paulotar Kaperan bilduta daude. Hasi da elizkizuna bertan.

16:00. 15 minutu barru, kardinalak Paulotar Kaperan bilduko dira eta, bertatik, errenkadan, Kapera Sixtinora joango dira. Zeremonia gidatuko duen kardinalak aita santu berria aukeratzeko bildu direla gogoratuko die eta, 16:30 aldera, letaniak errezitatzen Kapera Sixtinoan sartuko dira.

15:30. Goizean, 20.000 bat lagun bildu ditu Pro eligendo ponticifem mezak. Ordubete baino gutxiago falta da konklabea abiatzeko.

13:49. Behin baino ez da ikusi 'ke zuria' konklabearen lehen egunean. 1939. urteko martxoaren 2an izan zen. Orduan, Pio XII.a hautatu zuten, lehen eguneko hirugarren bozketan.

12:36. Kardinalak Santa Martaren egoitzan bildu dira. Arratsaldean (16:15), kardinalak Paulotar Kaperan bilduko dira eta bertatik, errenkadan, Kapera Sixtinora joango dira. Zeremonia gidatuko duen kardinalak aita santu berria aukeratzeko bildu direla gogoratuko die eta, 16:30 aldera, letaniak errezitatzen Kapera Sixtinoan sartuko dira.

11:20. Zer izen hautatuko du hurrengo aita santuak? Historia osoan gehien errepikatu direnak hauek dira: Joan (23), Gregorio (16), Benedikto (16), Clemente (14) eta Leon (13).

10:46. Sodanok "batasunerako deia" egin du: "Duin jokatzea agintzen dizuet". Aita santu berriak garbitu beharko dituen azpijokoen zeharkako aipamena ote?

10:30. San Petriren basilikako homilian, Sodanok kardinalen esker ona adierazi dio Benedikto XVI.a aita santu emerituari, eta "Artzain On bat" emateko eskatu dio jainkoari.

10:17. Corriere de la sera egunkariaren arabera, Angelo Scolak (Italia, 71 urte) 30-50 kardinalen babesa du dagoeneko (77 behar dira) aita santu izateko. Atzean, gertuen, Timothy Dolan (AEBak, 62 urte) eta Odilo Pedro Scherer (Brasil, 63 urte) ei ditu.

10:04. Hasi egin da Pro eligendo ponticifem meza, San Petriren basilikan. Kardinal hautesle guztiak eta Kapera Sixtinoan sartuko ez diren hainbat (80 urtetik gorakoak) daude bertan.

10:00. Aita santua, noizko? Seguru aski, aste honetan bertan izendatuko dute. Vatikanoak ez du Aste Santura aita santu gabe iritsi nahi, eta horregatik aurreratu dute konklabea. XIX. mendetik, konklabe guztiek lau egun iraun dute gehienez. 2005. urtekoan, bigarren egunean aukeratu zuten Joseph Ratzinger.

09:52. Erroma 100.000-200.000 pertsona eta aita santu berria agurtu nahiko duten estatuburuak eta gobernuburuak hartzeko prestatzen ari da, Gianni Alemanno alkateak azaldu duenez.

09:01. Ikusmin handia Vatikanoan. Gutxienez 65 herrialdetako 5.085 kazetari bertaratu dira, konklabea jarraitzeko.

08:47. Kardinal hautesleak Santa Martaren egoitzan daude dagoeneko. Bertan izango dira konklabea bukatu arte.

Kapera Sixtinoa EFE

Kapera Sixtinoa, 115 kardinal hautesleak hartzeko prest. EFE/Osservatore Romano

08:02. Bihartik, konklabearen bigarren egunetik, kea ikusteko ordutegia finkoa izango da. Aita santua izendatu eta gero, ke zuria 10:30ak eta 11:00ak artean ikusiko da goizean, edo 17:30ak eta 18:00ak artean arratsaldean. Bozketan gehiengoa lortzen ez bada, ke beltza 12:00etan edo 19:00etan ikusiko da.

07:41. Arratsaldean, 16:15ean, kardinalak Paulotar Kaperan bilduko dira, eta, handik, oinez joango dira Kapera Sixtinora. Bertan 16:30ean sartuko dira, eta orduan hasiko da konklabea.

07:33. Ez dago faborito argirik. Aita santu izateko hautagai nagusiak, baina, hauek dira, adituen ustez: Angelo Scola italiarra (71 urte), Odilo Pedro Scherer brasildarra (63 urte) eta Peter Turkson ghanatarra (64 urte).

07:26. Eguneko lehen ekitaldia 10:00etan egingo dute, San Petriren basilikan. Bertan, Pro eligendo ponticifem meza emango dute, eta Kardinalen Kolegioko kide guztiak izango dira, hautesleak ez direnak barne.

07:12. Ez da beharrezkoa gaur bozketa egitea. Kardinalek bozkatzea erabakitzen badute, kea 20:00etan ikusiko da, Federico Lombardi Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez.

07:00. Gaur hasiko da aita santua aukeratzeko konklabea. Orotara, 50 herrialdetako 115 kardinal batzartuko dira Kapera Sixtinoan, Benedikto XVI.aren ondorengoa hautatzeko. 16:30ean hasiko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea