Gizartea -

Malagan

Adingabeak erakartzen zituen sare pedofilo baten burua atxilotu dute

38 urteko ustezko pedofiloak profil faltsuak sortzen zituen Interneten biktimak erakartzeko, eta ondoren adingabeak manipulatzen zituen irudi sexualak lortzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Interneten bidez haur-pornografia ustez partekatzen zuen 38 urteko gizonezko bat atxilotu du Polizia Nazionalak Malagako telefono-mintzaleku batean. Poliziaren arabera, Interneten bidez adingabeak erakartzeko eta haien irudi sexualak lortzeko sare pedofilo baten burua da atxilotua.

Ustezko pedofiloak profil faltsuak sortzen zituen Interneteko sare sozialetan biktimak erakartzeko, eta ondoren adingabeen interesak eta nortasunak ondo aztertzen zituen, gero manipulatu ahal izateko. Asmoa zen adingabeen argazki sexualak lortzea.

Polizia-operazioaren barnean, beste lagun batzuk atxilotu dituzte: bi Oviedon eta Toledon, eta hiru Bartzelonan, Tarragonan eta Malagan. Guztiei artxibo pedofiloak eskatzea eta jasotzea leporatu diete, Polizia Nazionalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Ikerketa 2013an abiatu zuten, Interneteko foro bateko administratzaileek haurrentzako ustezko lehiaketa batzuen iragarkiak ikusi zituztenean. Iragarki horietan haurrak eskatzen ziren argazki sexualen bitartez "lehiaketa" egiteko.

Datu horiekin, Ikerketa Teknologikoko Taldeak ikerketa hasi zuen iragarki horien erantzuleak identifikatu eta atxilotzeko. Horri esker, sare sozial bateko profil batekin lotu zuten auzia: horren atzean pertsona heldu bat zegoen, baina adingabea zen eta lagunak ere adingabeak ziren itxura eman nahi zuen.

Orduan, ikertzaileek sarearen burua identifikatu zuten: aurretik bost aldiz atxilotua izan den gizona, haur-pornografia banatzea leporatuta.

Irudi horiek partekatzeko Malagako telefono-mintzalekua erabiltzen zuen atxilotuak (bertan bete-betean harrapatu dute poliziek). Dirudienez, ustezko pedofiloaren senitartekoek Interneterako konexioa moztu izan zioten, hori dela eta, lokal publikora batera joaten zen atxilotua. Bertan, ordenagailu bera erabiltzen zuen, eta nabegatzaileen arrastoak eta edukiak ezabatzeko konfiguratuta zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea