Gizartea -

Inauteri gauean

Metroko lau zaindariri eraso egin diete Santurtziko geltokian

Gazte talde batek eraso egin zien igande goizaldean Metro Bilbaoko lau zaindariri, Santurtziko geltokian.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazte talde batek eraso egin zien igande goizaldean Metro Bilbaoko lau zaindariri, Santurtziko geltokian, Ertzaintzak eitb.eus-i jakinarazitakoaren arabera.

Prosegur enpresako hiru gizonezko eta emakumezko baten aurkako erasoa izan zela zehaztu du Cispe sindikatuak.

Iturri horren arabera, gertaera 0:30etan jazo zen, inauteri gauean, Metro Bilbaoko langileek erabiltzaile bati nortasun agiria eskatu ziotenean. Lau bider ohartarazi zioten emakumezko horri metroko geltokietan jatea debekatuta zegoela.

Cispek azaldu duenez, une horretan, emakumezkoak geltokiko arduradunari bultza egin zion, eta horren bikotea, “oso bortizki” liskarrari hasiera eman zion. Geltokian zeuden hainbat pertsonek ere erasoan parte hartu zutela salatu dute zaindariek. “Segurtasun-langileei mota guztietako kolpeak eman zizkieten”, gaineratu du Cispek.

Ertzaintza geltokian sartu eta liskarrean parte hartu zituzten pertsonak identifikatu zituen. Segurtasun Sailak adierazi duenez, Prosegurreko langile batek epaitegira jo du, gertatutakoa salatzeko.

Iaz 20 bat eraso zenbatu zituzten segurtasun-langileen aurka, eta beste 10 bat Metro Bilbaoko beharginen aurka.

2015ean, berriz, dagoeneko zortzi eraso izan direla zehaztu du Cispek. Sindikatuaren ustez, erasoak “langile gutxiegi” daudelako gertatzen dira, ez bakarrik gaueko ordutegian, baita egunekoan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Santurtzi berriak Metro Bilbao albisteak