Gizartea -

Genero indarkeria

Guardia Zibilak hanka sartu du genero indarkeriari buruzko txio batean

Institutu Armatuak parekatu egin ditu emakumeen eta gizonen aurkako indarkeriak.

Guardia Zibilaren txioa
Guardia Zibilaren txioa
Guardia Zibilaren txioa

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak atzo idatzitako txio polemiko bat ezabatu eta barkamena eskatu behar izan du gaur. Izan ere, parekatu egin zituen emakumeen eta gizonen aurkako indarkeriak.

Txio horretan, “tratu txar mota guztien aurka zero tolerantzia” izan beharra dagoela esan zuen Institutu Armatuak, eta bi argazki gaineratu zituen. Batean gizonezko bat agertzen zen, eta, bestean, emakumezko bat. Lehenengoan, esaldi hau zegoen: “emakume bati tratu txarrak ematen badizkiozu, ez zara gizon”. Emakumearen argazkian lelo berea agertzen zen, baina aldrebes.

Argazkiak, gainera, kanpaina faltsu batenak ziren. Izkina batean, “Hispanolandiako Gobernua, Egiaren Ministerioa” irakur daiteke.

Gaur, Guardia Zibilak barkamena eskatu du Twitterren: “Barkamena eskatu nahi dugu etxeko indarkeriaren aurkako txioan fake bat erabiltzeagatik. Gure asmoa ez zen [bi indarkeria motak] parekatzea, salatzeko deia egitea baizik”. Txio horretan, gainera, nahastu egiten ditu etxeko indarkeria eta genero indarkeria.

Carmen Monton PSOEren Berdintasun idazkariak “oso larri”tzat jo du gertatutakoa, eta genero indarkeria “zalantzan jarri izana” egotzi dio Guardia Zibilari.

Hori horrela, PSOEk azalpenak eskatu dizkie Kongresuan Barne ministroari eta Guardia Zibilaren zuzendariari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Espainian