Gizartea -

Zerrenda

Donostia eta Iruñeako bi etxebizitza, Estatuko garestienen artean

Estatu etxe garestienen zerrenda egin du idealista.com atariak, eta bertan Donostiako txalet bat eta Iruñeako pisu bat agertzen dira.

I.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuko etxe garestienen zerrenda egin du idealista.com atariak, eta bertan Donostiako txalet bat eta Iruñeako pisu bat agertzen dira. Lehena, 4,5 milioi euroan salgai dago; bigarrena, berriz, 2,5 milioi euroan.

Hala ere, Euskal Herriko etxebizitza horiek zerrendako azken postuetan agertzen dira. Egun, Mallorcako masia ikusgarri bat da Estatuko etxe garestiena (27 milioi euro). Ondoren, 18 milioi euroan saltzen den Marbellako txalet bat agertzen da, eta, hirugarren tokian, Segoviako finka bat (15 milioi euro).

Donostiako txaletaren kasuan, Altzako auzoan dagoen txalet ikusgarri bat da: Guztira 775 metro koadro ditu, lau solairutan banatuta. Idealista.com atarian agertzen den eskaintzak bi aukera ematen ditu: erostekoa lehena (4,5 milioi euro), eta alokairuan hartzearena (12.000 euro hilean). Etxebizitza horrek hamar logela, zazpi bainugela eta 1.600 metro koadroko lurzorua eskaintzen ditu.

Iruñeako etxebizitza ere ez da nolanahikoa. 2,5 milioi euroren truke, 350 metro koadroko etxea eskaintzen du jabeak. Hiru logela, bi bainugela eta terraza, zazpigarren solairu batean. Balkoitik Zitaldela ederto ikustesn da, eta jangelak 115 metro koadro ditu.

Iruñea etxe garestiak. Argazkia: idealista.com

Iruñeako etxea 2,5 milioi euroan dago salgai. Argazkia: idealista.com

Idealista.com atariaren zerrendak beste etxe ikusgarri batzuk erakusten ditu, besteak beste, Toledoko jauregi bat (5 milioi euro) edota luxuzko txaletak Bartzelona, Madril edo Alakanten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Iruñeko bideoak