Gizartea -

Alpeetako tragedia

Bost urtean 41 medikuk artatu zuten Andreas Lubitz

Germanwingsen hegazkina amildu aurreko hilabetean zazpi medikuk ikusi zuten kopilotua. Antza, ikusmena galtzearekin "obsesionatuta" zegoen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150 bidaiari zeramatzala Alpeetan Germanwings konpainiaren hegazkina amildu zuen Andreas Lubitz kopilotua 41 medikuk artatu zuten bost urtean, Brice Robin Marseillako fiskalburuak jakinarazi duenez. Tragediaren ikerketa bere gain hartu zuen fiskalak, eta ondorioak xehe-xehe ematen ari da. Istripua eragin aurreko hilabetean, zazpi mediku egon ziren Lubitzekin, horren arabera.

Parisen prentsaurrekoa eskaini du Robinek, hegaldian hildakoen senitartekoekin bildu eta gero. Bertan azaldu duenez, Lubitz bere osasun arazoen jakitun zen, eta "obsesionatuta" zegoen ikusmena galtzeko aukerarekin. Zehazki, "depresio larri batek eta psikosiak jota" zegoen, ikusmen arazoak izateaz gain.

Lubitzen ordenagailua aztertu ostean, bere buruaz beste egiteko metodoen eta botiken inguruko informazioa bilatu zuela ondorioztatu dute ikerlariek. Diazepam botikari eta ikusmen arazoei buruzko bilaketak egin zituen, Reuters albiste-agentziaren arabera.

Gaixotasuna ezkutatu zuen, gainera. Horren kontura, agintariek ikerketa abiatuko dutela iragarri du Robinek, kopilotuak zuen buruko gaixotasuna atzemateko prozesuan akatsik egon zen argitze aldera.

Gainera, Airbus A320 hegazkinean zihoazen nazionalitate espainiarreko 30 bidaiarien gorpuak "astelehenean" eramango dituzte Madrilera, Marseillako fiskalburuak jakinarazi duenez. Identifikatu barik geratu diren gorpuzkiak Alpeetan, Vernet herrian, egingo duten "hilobi kolektiboan" lurperatuko dituztela iragarri du Robinek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hegazkin istripuak gaur