Gizartea -

Indarkeria matxista

Laura eta Marina: bi amets apurtuta, bi bizitza zeharka ebakita

26 eta 24 urte zituzten eta lagun minak ziren. Ostegunean, euren arrastoa galdu zutenean, Sergio Morateren etxera joateko biltzekoak ziren; Morate Marinaren bikotekide ohia da.

Laura del Hoyo eta Marina Okarynska. Argazkia: EFE.
Laura del Hoyo eta Marina Okarynska. Argazkia: EFE.
Laura del Hoyo eta Marina Okarynska. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laura del Hoyo eta Marina Okarynska, Cuencako bi emakume gazteak, indarkeria matxistak Estatuan eragindako azken bi hildakoak dira. Asteazken gauean agertu ziren euren gorpuak, Huecar ibaian, erredurak eta karearen hondakinak zituztela. Euren heriotzen egileak, antza, erretzen ahalegindu ziren. Bitartean, Sergio Morateren bila daude; Morate Marinaren bikotekide ohia da, eta desagertuta jarraitzen du.

Laura del Hoyo Chamonen arrastoa ostegunean galdu zuten, Marina bere lagunarena eta Sergio Moraterena bezala. Laurak 26 urte zituen eta Cuencan bizi zen, baina, familiakoek astelehenean azaldu zutenez, Valentzia ere izana zuen bizileku; bertan, txakur baten laguntza izan zuen, maskotarena: "Harreman oso estua zuen txakurrarekin, asko maite zuen", adierazi zuen familiako bozeramaileak. Oso susmagarria zen, familiaren iritziz, gaztea desagertzea animalia zaindu gabe utzita. Ez hori bakarrik: Laurak, kotxean, dirua, giltzak eta dokumentazioa utzia zuen, eta egunero hartu behar zuen medikazio bat; izan ere, takikardia mota bat pairatzen zuen.

Laurak, Facebooken partekatu zuen azken mezuan zioenez, ileapaintzaile profesionala izateko prestakuntza hartzea zuen erabakita. Gazteak sarri hartzen zuen parte sare sozial horretako elkarrizketan, eta zenbait irudi publikatzen zituen: familiakoekin eta lagunekin ikusi ahal zitzaion bertan. Irudi batzuetan, Marinarekin agertzen da, beste biktimarekin. Malu edo Luis Fonsi abeslarien gaineko albisteak jarraitzen zuen, eta baita Real Madrileko azken ordukoa.

Laura del Hoyo eta Marina Okarynska lagun oso onak ziren. Familiek ere elkar ezagutzen zuten, gutxienez orain dela zazpi edo zortzi urtetik. Ukrainako jatorria zuen Marinak, eta joan den ostegunean Sergio Morate bere bikotekide ohiaren etxera joatea adostu zuen Laurarekin, bertatik gauza batzuk hartzeko, buelta bat ematera joan aurretik. 24 urteko gaztea berarekin bizpahiru hilabetez lan egin zuen beste emakume batek ezagutzen zuen: "Moraterekin betilun zegoen, harremana hautsi aurretik, baina pentsatzen nuen eztabaida baten ondorioa izango zela". Batzuetan, Sergio Morate Marinaren lanera joaten zen, garai hartako neskalagunaren bila. Egun, Marinak Cuencako taberna batean lan egiten zuen.

Sei egunez luzatu den bilaketa baten ostean, Laura eta Marina eraila agertu dira Cuencan. Polizia Morateren bila dago; zenbait iturriren arabera, Italiara joan zitekeen. Aurrekariak ditu, indarkeria matxistagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Indarkeria matxista Delituak Espainia argazkiak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Matxismoa Krimenak azken ordukoa