Gizartea -

Paraka operazioa

Droga Ondarroatik sartzen zuen sare bat desegin dute

Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu ditu Galizian, Madrilen, Euskadin, Aragoin eta Kantabrian, eta tona eta erdi kokaina atzeman ditu.

Operazioaren irudia. Argazkia: EFE
Operazioaren irudia. Argazkia: EFE
1,5 tona kokaina atzeman dituzte Ondarroan

1:09

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak hamar lagun atxilotu ditu Galizian, Madrilen, Euskadin, Aragoin eta Kantabrian droga-trafikatzaileen aurka egindako operazioan. Droga Hego Amerikatik Espainiara ekartzen zuten, Ondarroa (Bizkaia) ingurura, antza; izan ere, tona eta erdi kokaina atzeman dute bertan.

Kartelei droga erosteko Hego Amerikara bidaiak egiten zituen sareak. Ondoren, merkantzia Espainian sartzen zuten laketontzi edo yateen bidez, Guardia Zibileko Zuzendaritza Nagusiak jakitera eman duenez.

Paraka operazioan lau espainiar, hiru argentinar, paraguaitar bat, herbeheretar bat eta ingeles bat atxilotu dituzte sare kriminaleko kide izatea leporatuta. Droga-trafikoaz gain, dirua zuritzen omen zuten.

Ekainaren 17an jarri zuten martxan ikerketa. Guardia Zibilak bi ibilgailu atzeman zituen Zaragozan. 98 kilo haxix aurkitu zituzten bi ibailgailutan eta gidariak atxilotu zituzten.

Tona eta erdi droga, Bizkaiko etxe batean

Atxiloketa horiei tiraka, Guardia Zibilek etxebizitza bat topatu zuen Bizkaian, bertan kokaina kantitate handia gordetzen zuten susmoa hartuta.

Horren inguruan zaintza operazioa egin eta sareko kide gehienak identifikatu ondoren, etxebizitza miatu eta tona eta erdi kokaina atzeman zuten.

Azpiegitura

Azken atxiloketak eta miaketak, lau guztira, irail hasieran egin zituzten, eta hamaika kilo haxix, diru ugari eta material elektronikoa atzeman zuten.

Drogaz gain, hiru inhibitzaile, droga ontzietan eramateko erabili ohi diren nabigazio sistemak, 12 ibilgailu eta 21.500 euro atzeman zituen Guardia Zibilak.

Kokaina Espainian sartzeko bide ezberdinak erabiltzen zituen sareak, baina gehienetan zingo edo sakonera handiko ontziak erabiltzen zituzten kostaldera hurbiltzeko, eta, ondoren, merkantzia laketontzietan kargatzen zuten.

Azkenik, droga Ondarroa ingurura eramaten zuten, kokaina bertatik sartzeko penintsulara. Alokatuta zituzten etxebizitza batzuetan gordetzen zuten merkantzia, eta batez ere baserri bakartuak alokatzen zituzten, ez nabarmentzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Delituak albisteak Drogak albisteak Ondarroa Lea-Artibai eskualdea