Gizartea -

Trafiko balantzea

53 pertsona hil ziren EAEko errepideetan 2015ean

Kopuruak gora egin du 2014. urtearekin alderatuta (29 hildako). Hala ere, duela hamarkada bat baino gehiago hasitako bilakaera positiboa azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak.

2015 hasieran Eibarreko saihesbidean izandako auto istripu larria. Artxiboko argazkia: EiTB
2015 hasieran Eibarreko saihesbidean izandako auto istripu larria. Artxiboko argazkia: EiTB
2015 hasieran Eibarreko saihesbidean izandako auto istripu larria. Artxiboko argazkia: EiTB

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

53 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan 2015ean izandako trafiko ezbeharretan. Kopuruak gora egin du 2014ko datuarekin alderatuta (29 hildako), Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak ohar bidez berri eman duenez.

2014a urte "bereziki positiboa" izan zen Eusko Jaurlaritzaren arabera. 2013ko eta 2012ko datuei erreparatuta, berriz, hildakoen kopuruak behera egin du 2015ean (56 eta 59 hildako, hurrenez hurren). Ildo horretan, 2004an hasitako "bilakaera positiboa" nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak.

Ertzaintzak eta tokian tokiko udaltzaingoek erregistratutako auto istripuak zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzak, beraz, hiri barneko eta hiri arteko errepideetan gertatutako istripuak daude jasota.

2015ean hildako 53 pertsonatatik, 30 gidariak ziren (2 txirrindulari, 8 moto gidari eta 20 auto gidari edo bestelako ibilgailu gidari), 10 bidaiariak eta 13 ibilgailuek harrapatutako oinezkoak. Euskadin trafiko istripuan hildako gehienak gizonezkoak ziren: 42 gizon eta 11 emakume. Lurralde historikoaren araberako banaketari dagokionez, berriz, Gipuzkoan 31 hil ziren, Bizkaian 14, eta Araban 8.

Istripu gutxiago, baina larriagoak

Istripu eta zaurituei buruzko datuak behin-behinekoak badira ere, trafiko istripuen kopurua txikitu ei da, baina istripuen ondorioen larritasuna, ostera, handitu. Ertzaintzak 7.191 istripu erregistratu ditu (2014an baino 735 gutxiago) eta istripu horietan 393 pertsona zauritu ziren larriki (264 gidari, 58 bidaiari eta 71 oinezko).

TRAFIKO ISTRIPUETAN HILDAKOEN BILAKAERA

Gráfico, accidentes de tráfico, fuente: Gobierno Vasco

Grafikoa: Eusko Jaurlaritza

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Ezbeharrak gaur Trafikoa Zer gertatu da gaur Bizkaian? Albisteak Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza albisteak EAE albisteak Gizartea Albisteak