Gizartea -

'Arny auzia'

21 urte eta gero, artxibatu egin dute 'Arny auzia'

Adingabeen kontrako prostituzio delituak egotzita, 46 gizonezko inputatu zituzten eta horietako 19 zigortu.

EFE

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sevillako Auzitegiak behin betiko artxibatu du ‘Arny auzia’. Duela 21 urte lehertu zen eskandalua. Sevillako Arny pubean adingabeak prostituzio homosexualera behartzen zituzten. 46 gizonezko inputatu eta horietako 19 zigortu egin zituzten.

Auzitegiak dekretu bat egin du akusatuetako baten erantzukizun zibila preskribatu egin dela esanez, eta, ondorioz, auzia behin betiko artxibatuta geratu dela jakinaraziz.

Sevillako Fiskaltzak ere bere oniritzia eman dio auzia betirako ixteari.

1998an, zigorrik handiena Carlos Saldaña Arny pubeko jabeari ezarri zioten: 33 urteko espetxealdia adingabeen prostituzioa egotzita. Ia bederatzi urte kartzelan egin eta gero, 2007an baldintzapean libre geratu zen.

Bigarren zigorrik handiena Arnyko enkargatuarentzat izan zen. 18 urteko espetxealdia ezarri  zioten. 2005ean aske utzi zuten, sei urte preso egin ostean.

Prozesu judizialean auzipetutako Arny pubeko bezeroei, berriz, urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zieten.

Epaia 1998an eman zuten eta 2000. urtean Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen.

Sevillako Auzitegiak 49 auzipetuetatik 33 absolbitu egin zituen, salaketa jarri zuten gazteen (gehienak adingabeak ziren) testigantzak sinesgarritasun nahikorik ez zutelakoan.

Beraz, auzipetu guztietatik Arny pubeko jabea eta enkargatua soilik espetxeratu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak