Gizartea -

Negua

Araba eta Nafarroa, errepideei begira elurra ari duelako

Araban, Herrerako mendatean, kateak beharrezkoak dira ibilgailu guztientzat. Nafarroan, Belaguan, kateak beharrezkoak dira 47. kilometrotik aurrera.

Opakua (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Opakua (Araba). Artxiboko irudia: EiTB
Elur maila 500-600 metroan kokatuko da EAEn

1:21

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araba eta Nafarroa errepideei begira daude; izan ere, elurra ari du bi lurraldeetako toki garaietan, eta gidatzeko orduan arreta berezia beharrezkoa da.

Horrela gauzak, Arabako errepide sarea egoera onean mantentzeko programa martxan jarri du Aldundiak; izan ere, elur-kota datozen orduetan 500-600 metrotan kokatzea espero da.

Elurra kentzeko bederatzi makina eta 28 behargin lanean izango direla aurreratu du gaur Aldundiak.

Herrerako mendatean, Araban, kateak beharrezkoa dira autoentzako nahiz kamioientzako, Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak 19:00etan emandako datuen arabera.

Horrez gain, Arlaban, Etzegarate, Gaintxurizketa, Opakua, Urduña eta Barazarren ez da katerik behar, baina arreta handiz gidatzeko deia egin dute, elurra ari duela eta.

Sare nagusiko gainerako mendateetan errepideak irekita daude.

Goizean, Opakuako mendatea itxita egon da kamioi bat errepidean gurutzaturik geratu delako. Antza denez, kamioilaria buelta ematen saiatu da, baina ez du lortu.

Iragarpena

Tenperaturek behera egingo dutela eta egunean zehar txingor ekaitzak, batez ere kostaldean, bota ditzakeela esan du Euskalmeten iragarpenak.

Elur-kota jaisten joango da, 800-1.000 metrotik 600-800 metrora pasako da eguerdian. Egunaren bigarren erdian 500-600 metro inguruan kokatuko da, baina ekialdean eta ekaitz guneetan beherago ere bota dezake.

Nafarroan

Nafarroan 8 eta 20 zentimetro arteko elur geruza pilatu daiteke. Pirinioak alerta laranjan daude. Elur-kota 600 metrotik 400 metrora jaitsiko da. Pirinioetan, hain zuzen ere, elurra ari du. Hala ere, Nafarroako  Gobernuak kontu handiz gidatzeko gomendioa eman du.

NA-137 (Burgi - Izaba – Frantzia) errepidean, Belaguan, kateak beharrezkoak dira 47. kilometrotik aurrera (Juan Pito Benta). Gainera, NA-2012 (Otsagabia-Irati) eta NA-2011 (Zaraitzu-Frantzia) errepideak itxita daude.

Bizkaiko Foru Aldundiaren gomendioa

Elurra dela-eta datozen egunetarako deitutako alerta horiaren ondorioz, Bizkaiko Foru Aldundiak Eskola Kirolaren barruan bihar egingo diren jardueretan arreta areagotzeko gomendioa eman du.

Horrez gain, mendi-irteera bat egin nahi izanez gero, joan nahi den lekurako iragarpen meteorologikoaz informatzea nabarmendu du, mendian eguraldi aldaketa gogorrak oso ohikoak direla gogorarazteaz gain. Azkenik, ekipamendu eta arropa egokiak eta erreserbako jan-edanak eramatea ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Nafarroa gaur Arabako albisteak Denboraleak bideoak Eguraldia Albisteak