Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek bikotekide ohia eta haren ama hil ditu Gasteizen

Erasotzailea etxe barruan giltzaperatu da eta Ertzaintza eraikinean sartu denean etxeari su eman dio. Suhiltzaileek lona bat jarri dute kalean salto egingo zuelakoan, eta 13:00k aldera salto egin du.

Anbulantzia ezbeharraren kalean, Gasteizen. Argazkia: EiTB
Anbulantzia ezbeharraren kalean, Gasteizen
Gizon batek emaztea eta amaginarreba hil ditu Gasteizen

1:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ama eta 43 urteko alaba hil dira Gasteizko etxebizitza batean, antza, alabaren bikotekide ohiaren esku. 46 urteko gizona atxilotu dute etxebizitzari sua eman ostean eta zortzi pisuko altuera batetik suhiltzaileek jarritako lona baten gainera salto egin ostean.

Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizonak, antza, lepoa moztu dio gazteenari, eta berehala hil egin da; 69 urteko ama, berriz, Txagorritxu ospitalerako bidean hil egin da.

Tragedia 11:30 aldera gertatu da Julian Arrese kaleko 6. zenbakian, Gasteizko Lakua auzoan. Hainbat auzokidek Ertzaintzari deitu diote, etxean liskar bat zegoela esateko.

Erasotzailea etxe barruan giltzaperatu da eta Ertzaintza eraikinean sartu denean etxeari su eman dio.

Suhiltzaileek lona bat jarri dute kalean salto egingo zuelakoan, eta 13:00k aldera salto egin du. Ondoren atxilotu eta Santiago Ospitalera eraman dute anbulantzia batean.

Bikoteak bi seme-alaba zituen, 11-12 bat urteko mutiko bat eta 8-9 urteko neskato bat. Goizean ikastetxetik eraman dituzte, gertakariaren berri izan ondoren.

Umeen amonak eta haren senarrak, nahiz eta Gasteizen jaio ez,  Pilarreko auzoan ia bizi osoa eman dute, familiaren hurbilekoek jakinarazi dutenez.

Atxilotua eta emazte ohia duela zenbait hilabete banandu ziren. Emakumeak ez du sekula salaketarik aurkeztu, Segurtasun Sailak azaldu duenez.

Udaleko Bozeramaile Batzordearen adierazpena

Gasteizko Udalak elkarretaratzea deitu du arratsalderako bi emakumeen heriotza gaitzesteko.

Elkarretaratzea Espainia Plazan egin dute, "Gasteiz: eraso matxisten aurka" lelopean. Bertan, Udal agintariak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia edo Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria izan dira, besteak beste.

Udaleko banderak haga erdian jarriko dituzte dolu-seinale moduan eta biktimei errespetua erakusteko.

Halaber, Udalak agiri ofiziala argitaratu du bere gaitzespena adierazteko, eta biktimen senide eta lagunei laguntza emateko.

Emakumearen Euskal Institutuaren gaitzespena

Emakundek Gasteizen gertatutako bi emakumeren hilketaren aurrean bere gaitzespen irmoena azaldu du eta emakumeen aurkako indarkeria mota hau menpekotasun eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena dela gogorarazi du.

Emakundeko zuzendariak zendutakoen familia eta lagunei bere doluminak eta elkartasuna azaldu eta herritarrei elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu die, emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarteko bat eraikitzeko herritarren jarrera aktiboa ezinbestekoa dela gogoraraziz. Izaskun Landaida, Emakundeko zuzendaria, eta Zuriñe Elordi, idazkari nagusia bertan izan dira.

____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Araba Gizartea Gasteiz Albisteak Matxismoa Erailketak Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak argazkiak