Mundua -

Aljeriara zihoan

Istripua izan du donostiar bat zeraman Swifter konpainiako hegazkinak

28 urteko Raul Montero Rodriguez tripulazioko kidea zen. Swifter konpainian duela urtebete hasi zen lanean. Guztira, 116 bidaiari zeramatzan. Litekeena da eguraldi txarraren ondorioz erori izana.

Frantziak ''baliabide militar eta zibil guztiak'' mobilizatu ditu

0:55

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maliko ekialdean, Gao eskualdean, 116 bidaiari zeramatzan Air Algerie konpainiako hegazkin bat desagertu da ostegun goizaldean eta "istripua izatea litekeena da", Frantziako Gobernuak azaldu duenez. Bidaiarien ia erdia frantziarrak ziren.

Konkretuki, besteak beste, Frantziako 51 pertsona, Burkina Fasoko 24, Aljeriako 6, Kanadako 5 eta Alemaniako 4 zeramatzan hegazkinak, Air Algeriek jakitera eman duenez. Tripulazioa donostiar batek eta Espainiako beste bost lagunek osatzen zuten, horietako bi Mallorcakoak eta beste hirurak madrildarrak. Era berean, suitzar bat, belgikar bat, kamerundar bat, ukrainar bat, egiptoar bat, nigeriar bat eta maliar bat zihoazen hegazkinean.

Tripulazioko kide donostiarra 28 urteko Raul Montero Rodriguez da, ETBk jakitera eman duenez. Tripulazio kabinako ziurtagiria Deustuko Unibertsitatean lortu zuen Monterok. Swifter konpainian duela urtebete hasi zen lanean. Lehenago Gipuzkoako hiriburuaren bi hoteletan lan egin zuen.

Hegazkinaren hondakinak Gao eta Kidal artean, Maliko iparraldean, aurkitu dituzte basamortuan, Uagaduguko (Burkina Faso) aireportuak jakitera eman duenez.

"Talde medikoek zonaldera heltzeko zailtasunak izango dituzte eta oso zail izango dute gaur laguntza ematea", adierazi du aireportuak agiri batean.

Gainera, lehentasuna zonaldean segurtasuna bermatzea dela ohartarazi du aireportuak; izan ere, erreskatea "dramatikoa" izan daiteke.

Hegazkinaren hondakinak Kidal eskualdean aurkitu dituztela baieztatu dute RFI Frantziako irratiak aipatutako iturriek. Bertako bizilagunek leherketak entzun dituzte eta Frantziako soldaduei abisua eman diete Maliko iparraldean.

Lauren Fabius Frantziako Atzerri ministroak, ostera, "hegazkinaren arrastorik aurkitu ez" dutela esan du agerraldi labur batean. Hegazkinean 51 frantziar zihoazela baieztatu du.

Maliko Gobernuak ikerketa batzorde bat martxan jartzea erabaki du. Gertatutakoaren "informazio fidagarriagoa bildu bitartean" Garraio Ministerioak ikerketa batzordea osatu du, Maliko Exekutiboak azaldu duenez.

Ekaitzak

Hegazkinak istripua izan duela baieztatu du Reuters albiste agentziak, Aljeriako agintariak kontsultatuta. "Lurra jo duela baiezta dezaket", adierazi du ofizial horrek. Hala ere, ez du zehaztu ezbeharra non izan den eta zerk eragin duen, baina operadoreak jakinarazi duenez, "litekeena da eguraldi txarraren ondorioz erori izana".

Gainera,Jean Bertin Ouedrago Burkina Fasoko Garraio ministroak baieztatu du hegazkinak ibilbidea aldatzea eskatu duela, zihoan norabidean ekaitza zegoelako.

Hegazkina topatzeko "baliabide militar eta zibil guztiak" mobilizatu dituztela adierazi du Francois Hollande Frantziako presidenteak. "Hegazkinak istripua izan duela ematen du", onartu du.

Desagerpena

Swiftair enpresa espainiarrak Aljeriara zihoan bere hegazkin bat desagertu dela jakinarazi du gaur goizean.

Swiftairrek ohar batean jakinarazi duenez, hegazkina Burkina Fason aireratu da, 01:17an, eta 06:10ean iristekoa zen Aljeriara. Abdelmalek Sellal Aljeriako lehen ministroak baieztatu du hegazkina Mali iparraldetik zihoanean galdu dela, Gao herrialdean. Sellalek zehaztu duenez, Gao gainetik zihoanean desagertu da, Aljeriako mugatik 500 kilometrora.

Bestalde, Jean Bertin Ouedragok azaldu du Swiftairreko hegazkinak ibilbidea aldatzea eskatu duela, bidean zegoen ekaitz bat saihesteko.

Konpainiak telefono zenbaki bat jarri du senideak artatzeko: 34-900 264 270.

1986. urtean sortutakoa

Swiftair 1986. urtean sortu zuten, baina hasieran kargako hegaldiak besterik ez zuen egiten. 2002. urtetik, bidaiariei zuzendutako hegaldiak ere egiten ditu.

Europan, Afrikan eta Ekialde Erdikoan egiten du lan. Horrez gain, Grezian eta Marokon ere enpresak ditu.

Gaur egun, guztira 400 langile eta 30 hegazkin dauzka, tartean Boeing 727 eta 737, MD83, ATR72/42, Embraer 120 eta Metroliner motakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea