Mundua -

Gaza

Su-etena kolokan dago, amaitzeko ordu gutxi batzuk falta direnean

Israelek errefusatu egin du Gazako blokeoa kentzea, eta, hori horrela, Hamasek suriziak jaurtitzei ekingo diola aurreratu du.

Suntsipena Gazan. EiTB
Suntsipena Gazan. EiTB
Hiru eguneko su-etena behin betiko bihurtu nahi dute Gazako biztanleek

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaza lasai esnatu da gaur, bigarren egunez jarraian, Israelek eta Hamasek adostutako 72 orduko su-etena amaitzeko orduak falta direla.

Hain zuzen ere, ostiral honetako 08:00etan (07:00ak Euskal Herrian) amaitzekoa da tregoa, eta une honetan zail dirudi hura luzatzea.

Zeintzuk dira desadostasunak? Israel su-etena luzatzeko prest agertu da, baina egun dauden baldintzekin. Hamasek, baina, Gazari ezarritako blokeoa kentzea ere jarri du baldintza, herritarrek ezin baitituzte elikagairik, edateko urik eta beste hainbat oinarrizko zerbitzu jaso.

Israelek errefusatu egin ditu Hamasen eskariak, eta argi utzi du bere helburu bakarra Gaza "desmilitarizatzea" dela, talde armatuek suziri gehiago jaurtitzea galarazteko.

Testuinguru honetan, Egipton egiten ari diren negoziazioetan "aurrapauso nabariak" eman ezean, bihar bertan suziriak jaurtitzeari ekingo diola ohartarazi du Hamasek, eta, hala gertatzen bada, "indartsu" erantzungo duela mehatxu egin du Israelgo ministro batek.

Atzo, Israelek 30.000 erreserbista etxeratu zituen, negoziazioak arrakastatsuak izango zirela pentsatuta. Dena dela, 50.000 soldadu ditu oraindik Gazako mugan, erasoaldia edozein unetan hasteko prest.

Israelgo Armadak 1.800 palestinar baino gehiago hil ditu (% 85 zibilak dira, eta 400, umeak) erasoaldiak iraun duen 29 egunetan. Talde palestinarrek, aldiz, 67 soldadu israeldar hil dituzte.

Erasoaldian, Israelek guztiz suntsitu du Gaza, eta eskolak, NBEren egoitza humanitarioak, ospitaleak, etxebizitzak, hondartzak eta parkeak bonbardatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Gazako albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Israel albisteak azken ordukoa Palestina azken orduko albisteak Ekialde Hurbileko albisteak Hamas gaur