Itxi

EITB TALDEA

BEKAK

EiTBk unibertsitateko ikasleentzako bekak eskaintzen ditu

2018/19 ikasturtean, prestakuntza praktikoa EiTBn, ETBn, Eusko Irratian eta eitb.eus-en egiteko aukera eskaintzen die EiTBk 4. mailako ikasleei.

  • EiTB bekak

    EiTB bekak

Euskal Irrati Telebistak Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatu dituen hitzarmenen ondorioz, 2018/2019 ikasturtean prestakuntza praktikoa EiTBn, Euskal Telebistan, Eusko Irratian eta eitb.eus-en egiteko aukera ematen die EiTBk unibertsitate horietako ikasleei.

Prestakuntza praktiko horren helburua ikasleak lan mundura hurbiltzea da. Horretarako, enpresan egiten den eguneroko lana ezagutu ahal izango dute bekadunek, eta horrez gain, aukeratutako lanbidean aritzeko beharrezko diren ezagutzak, trebetasunak eta abileziak, bai eta gaitasun osagarriak (lantaldean aritzea, ardura...) ere erakutsiko dizkiete. Izan ere, gaur egungo produkzio-sektorean lan egiteko ezinbestekoa da arlo horietan trebatzea.

Prestakuntza praktikoa 4 eta 6 hilabete artekoa izango da, eta bekadunek 300 euro jasoko dituzte hilero.

Aukeratutako ikasleak honako arlo hauetan arituko dira:

EiTBn: Estrategian (Publizitate sailan).

Euskal Telebistan: Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan, Errealizazioan, Grafismoan edo Artxiboan.

Eusko Irratian: Euskadi Irratia, Euskadi Gaztea, Radio Euskadi zein Radio Vitoria irratietako erredakzioetan.

eitb.eus-en: Albistegietako zein Kiroletako erredakzioan edo Entretenimendukoan.

Prestakuntza praktiko hori jaso nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak honako hauek dira:

-          Elebidunak izan behar dute (euskara-gaztelania).

-          2018/2019 ikasturtean 4. mailan matrikulatuta egon behar dute, jarraian aipatzen diren ikasketetan:

EHUko Kazetaritza edo Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua.

Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Gradua (gradu honetako ikasleek beka guztietan eman dezakete izena, ETBko Errealizazioan eta Grafismoan izan ezik).

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua (HUHEZI).

EHUko Publizitate Gradua (gradu honetako ikasleek EiTBn -Estrategian, Publizitate sailan- baino ezin dute izena eman).

EHUko Arte Ederretako Gradua (gradu honetako ikasleek ETBko Errealizazioan edo Grafismoan baino ezin dute izena eman).

Izena eman nahi duten ikasleek orri hau bete eta hautaketa@eitb.eus helbidera bidali beharko dute. Gaia atalean, "EiTB bekak" jarri behar da. Halaber, dagokion fakultateko idazkaritza edo dekanotzara jo dezakete. Epea 2018ko maiatzaren 7an amaituko da.

Beka hauen inguruko informazio guztia (hautaketa prozesuak, datak...) web orri honetan (www.eitb.eus) argitaratuko dugu.