Itxi

EITB TALDEA

Aliantzak

EITBk Balenciagaren soineko bat babestuko du museoaren hamargarren urteurrenean

EITB Media

10 urte bete ditu Cristóbal Balenciaga Museoak, eta museoaren bildumaren 10 pieza erakusgarri hautatu dituzte. EITBk erakusketa digital horretan parte hartuko du, piezetako bat babestuz.

  • 'Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina zuriz egina'

    Cristobal Balenciagaren 'Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina zuriz egina', EITBk babestuta.

Hamar urte beteko ditu Cristóbal Balenciaga Museoak ostiral honetan, ekainaren 11n. Urteurrenaren harira, museoaren bildumaren hamar pieza erakusgarri hautatu dituzte, erakundeak hamarkada horretan izandako jardueraren hamar mugarri garrantzitsuenei lotuak. Horien bitartez adierazten dira, halaber, Balenciagak iradokitzen dizkigun hamar balioak. EITBk, Cristóbal Balenciaga museoaren erakunde ongile gisa, erakusketan parte hartuko du diseinatzailearen pieza horietako bat babestuz.

EITBk, ikus-entzunezko produkzio eta hedapen talde gisa, lankidetza aliantza hori oso modu positiboan baloratu du: "EITBren eta Cristóbal Balenciaga museoaren arteko aliantzak, euskal produkzioaren eta sormenaren munduari leiho digital berri bat zabaldu nahi dio, gizarte honen zerbitzura dauden bi erakunde publikoren eskutik".

Hartara, urteurrenaren harira prestatu den erakusketa digitalean zorroztasunaren balioa atxiki diote EITBri eta gaitasun hori bat dator informazioan lider den hedabide publiko izaerarekin. "Zorroztasuna eta zehaztasuna betidanik izan ziren Cristóbal Balenciagaren lanaren eta nortasunaren funtsezko ezaugarriak. Jostunak ihes egin zien beti azalkeriei eta arinkeriari, eta oso zorrotza zen bere sorkuntzak osatzeko orduan. Horregatik menderatu zuen inork ez bezala joskintzaren teknika, eta horrek tresna boteretsua eman zion eredu harrigarriak sortzeko orduan", azaltzen dute erakusketan.

'Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina zuriz egina' babestuko du EITBk

'Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina zuriz egina' piezak minimalismo bisual eta kontzeptualak bereizten du. Ziberlinaren ezaugarriek minimalismo bisual hori lortzen laguntzen dute. Lerro trapezoidal dotoreek, berriz, minimalismo kontzeptuala azpimarratzen dute; hala, galtzarbe-atal bakoitza soinekoaren erdi bakoitzaren ardatza da. Bestalde, barraskilo-formak gorputza inguratzen du. Minimalismoa erdiko josturetan hasten da, bai aurrealdean bai atzealdean. Toles asimetrikoak mugimendu arina ahalbidetzen du, baita soinekoaren forma une oro aldatu gabe egotea ere. Mahuka laburrek presentzia handiagoa dute soinekoaren ehun soilean nabarmentzen diren bolante sotilei esker.

Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina  zuriz egina

Gaueko soinekoa, Staronen Ziberlina zuriz egina

Cristóbal Balenciaga

Cristóbal Balenciaga Eizaguirre (1895-1972) eragin handieneko moda-sortzailea izan da historian. Bost hamarraldiko ibilbide profesionalean, goi-joskintzako etxeak zuzendu zituen Donostian (1917), Madrilen (1933), Bartzelonan (1935) eta Parisen (1937), eta dotoretasunaren, abangoardiaren, edertasunaren eta atenporalitatearen sinonimo bihurtu zen bere izena.

Modaren, artearen edo bestelako kultura-adierazpenen bitartez beren garaiko estetikan, sentiberatasunean edo balioetan modu erabakigarrian eragin duten artista handien pareko unibertsaltasuna lortu zuen Balenciagak, bere irudiaren dimentsioari eta bere lanaren kalitate bereziari esker. Era berean, bere izaeraren, sormen-lanaren eta ibilbide profesionalaren ondorioz, bere legatua ez da oinordetzan utzitako lan materialera mugatzen, bere burua eta bere lana ulertzeko modua ere hartzen baititu bere baitan; azken hori izan da, inondik ere, bere arrakasta ukaezinaren ezinbesteko osagaia.

Biografia, obra eta balioak dira, beraz, Cristóbal Balenciaga Museoaren sorreran bat egiten duten hiru alderdi nagusiak. 2011ko ekainaren 7an inauguratu zen museoa, Getarian, jostunaren jaioterrian, bere ikaskuntza-prozesuaren eta garapen profesionalaren lehenengo urteen agertoki izan zenetik oso gertu.