Itxi

EITB TALDEA

ALIANTZAK

EITBk Euskotren Ligako patroi onenaren maillotari izena emango dio berriro

EITB MEDIA

EITBren Bilboko egoitzan egin da patroi onenaren maillota aurkezteko ekitaldia, eta bertan izan dira Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Borja Rodrigo TKEko presidentea eta Euskotren Ligan ariko diren sei euskal taldeetako hogei bat arraunlari.

0:00

Emakumezkoen Euskotren Liga hastear dago. Denboraldi historikoa izango da, lehen aldiz zortzi traineru ariko baitira Euskotren garaikurra irabazteko lehian. Emakumezkoen kirola indartzeko ahaleginean, eta iaz hasitako bideari jarraipena emanez, EITBk Euskotren Ligako patroi onenaren saria babestuko du, bigarren urtez jarraian. Horrela, denboraldi honetako estropada bakoitzean, lehian dauden ontzi guztien artean bereizten den patroiak EITB Sariko maillota jantziko du.        

Euskotren Liga babesteko ekitaldia astearte honetan (ekainak 20) izan da EITBren Bilboko egoitzan. Bertan, Joseba Urkiola EITBko Kirol zuzendariak eta Borja Rodrigo TKEko presidenteak hartu dute parte, Euskotren Ligan lehiatuko diren sei euskal taldeetako hogei bat arraunlarirekin batera.

Aurkezpenaren irudia

Aurkezpenaren irudia

EITBtik eta TKEtik pozik agertu dira aliantzari jarraipena emateagatik. "Arraunak garrantzi handia du EITBn, eta TKErekin dugun lankidetzari esker, Euskotren Ligaren emanaldiaz gain, emakumeen kirolari ikusgarritasuna eman nahi diogu, baita arraunean ere, eta patroi onenaren maillota babestu dugu berriro", adierazi du EITBko Kirol zuzendariak.           

"Guretzat oso garrantzitsua da EITBrekin elkarlanean jarraitzea. Alde batetik, emisioen irudiak hobetzeari esker, gure lehiaketek jarraipen handiagoa dute. Bestalde, maillotaren babesarekin jarraituz, beste behin ere argi geratu da EITBk arraunarekin duen konpromisoa sendoa dela, eta guretzat historikoa izango den denboraldi honetan ere horrelako babesa izatea eskertzen dugu", azpimarratu du Rodrigok.     

Emakumezkoen lehiaketaren hamabosgarren denboraldia garrantzitsua izango da, geroz eta indar handiagoa hartzen ari den honetan. Iaz %7,6ko audientzia izan zuen ETB1en, eta aurten zortzi partaide izango dira lehenengoz.

Patroiak

Patroiak, EITB maillotarekin

Euskotren Liga zuzenean jarraitzeko aukera izango da ETB1en eta eitb.eus webgunearen bidez. Lehiaketa uztailaren 1ean hasiko da Coruñan, eta abuztuaren 20an amaituko da Zarautzen. Estropada bakoitzean, eguneko patroirik onenak EITB Sariaren maillota jantziko du.

Estropadak, EITBn

Estropadak, EITBn