Itxi

EITB TALDEA

Aliantza

Movistar Plus+ek EITBren euskarazko 275 ordu baino gehiago eskaintzen ditu nahieran

EITB Media

Aliantza hau EITB ikus-entzunezko edukien kontsumo digitalera egokitzeko estrategiaren barruan dago. Helburua da euskal eta euskarazko edukien kontsumoa bermatzea.

  • EITB Movistar Plus+ akordioa.

    EITB Movistar Plus+ akordioa.

EITBk euskarazko denetariko edukietan 275 ordu baino gehiago txertatu ditu Movistar Plus+ plataforman. Modu horretan, bi aldeen arteko aliantza indartu dute, eta ETB1eko, ETB3ko eta eitb.eus-eko saio ezagunak plataformako erabiltzaile guztien eskura jartzen dira.

Aliantza hau EITB ikus-entzunezko edukien kontsumo digitalera egokitzeko estrategiaren barruan dago, gaur egungo globalizazioaren eta digitalizazioaren testuinguru honetan. Izan ere, ikus-entzunezko edukien plataformak eta aplikazioak eragile erabakigarri bihurtu dira gaur egungo kontsumo-ereduetan. Hala, euskal edukien eta euskarazko edukien kontsumoa bermatzeko, EITBk lankidetza-estrategia bat diseinatu du merkatuko beste plataforma handi batzuekin eta aplikazio eta sare sozial globaletan.

EITBren erreferentziazko hainbat saio biltzen ditu Movistar Plus+en katalogoak: besteak beste, "Herri Txiki, Infernu Handi" saio ibiltaria, "Barre Librea" bakarrizketa saioa eta "Altxa Txapela" lehiaketa.

Horrez gain, "3 Ene Kantak" haurrentzako programaren atalak eta hainbat musika-eduki izango dituzte: hala nola "Bidegurutzean" programa, "Gaztea B Aldea"ren emanaldiak, eta "Gaztea 30, 30, 30" eta "Gure Doinuak" kontzertuak. Egungo euskal musika ardatz duten saioak guztiak ere. 

Gastronomiak ere tarte garrantzitsua du, "Sukaldaria" eta "Joseba Arguiñano Sukalerrian" saioen bidez. Dokumentalen atalean, halaber, beste hauek:  Dantza urratsak, Paperezko hegoak, Eten barik joten, Ni naiz Lete, Txillardegi, Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa eta Euskal Herriaren historiako gertakari garrantzitsuenetako batzuk ikuspegi kritikoz birsortzen dituen "Baskoniako Historia Bat" seriearen hainbat denboraldi. 

Orain, Movistar Plus+ berriarekin, mundu guztiak ikus dezake eduki hori edozein operadorerena izanda ere.