Itxi

EITB TALDEA

Sariak

EITBren hiru podcast, Rikardo Arregi kazetaritza sarirako finalistak

EITB Media

EITBPodkast atarian entzungai dauden "#10garrena", "Harpa Jotzen" eta "Lore Hostoak" dira hiru hautagaiak. Datorren azaroaren 29an egingo da sari-banaketa ekitaldia, Andoaingo Bastero kulturgunean.

  • #10garrena podcastaren irudia

    #10garrena podcastaren irudia

EITBren hiru podcast aurtengo Rikardo Arregi sarirako hautatu dituzte, gaur goizean Andoaingo Udalak jakitera eman duenez. XXXV. edizioko komunikazio lan onenaren saria eskuratzeko izendapena jaso dute, hain zuzen ere, "#10garrena", "Harpa Jotzen" eta "Lore Hostoak" ekoizpenek. Laugarren finalista "Muak ET" webseriea da. 

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai

Irabazlearen izena azaroaren 29an jakingo dugu, Bastero kulturgunean egingo den sari-banaketa ekitaldian. Bertan, kazetaritza saria eta ohorezko mugarria ere banatuko dira. Kazetaritza sarirako hautagaiak hauek dira: "Bideak" (Naiz Irratia eta Mediabask) eta "Kinka" (Berria) podcastak, eta "Zelan sentitzen zara? (Geuria) eta "Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera" (dantzan.eus) argitalpenak. Ohorezko mugarriak, berriz, Menane Oxandabaratz kazetariaren ibilbidea nabarmenduko du, Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela erakutsi baitu. 

Joan den udazkenean estreinatu zen EITBPodkast atarian "#10garrena", Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatzen zen bitartean, final alternatiboak eskaintzeko, ezohiko finalista eta txapeldunak irudikatuz. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek sortutako lana da "Harpa Jotzen", egunerokotasuneko gauza txikientzat txoko alai bat izan nahi duena. Azkenik, "Lore Hostoak" Ekain Perezek gidatzen duen solas-tartea da, euskal musika egileen sorkuntza moduak eta musika gustuak ezagutzeko.

Lore Hostoak

Lore Hostoak

 

 

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Kultura
  • EITB