Itxi

EITB TALDEA

Audiogile Berriak

EITB eta Tabakalera, euskarazko soinu fikzioa sustatzeko audiogile bila

EITB MEDIA

Lehen fasean, hiru proiektu hautatu, garatu eta gidoi bilakatuko dituzte. Tabakaleran prestakuntza jaso eta egonaldia egingo dute hiru audiogileek, besteak beste, Harkaitz Canoren tutoretzarekin. Epaimahaiak onena aukeratuko du, eta EITBk ekoitzi eta zabalduko du.

0:00

Audiogile berriak euskarazko soinu fikzioa sustatzeko egitasmoaren lehen deialdia aurkeztu dute Maite Goñi EITBko Audio eta Digitalaren zuzendariak eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak. Deialdi honetara aurkezten diren lan guztietatik fikziozko hiru audio-gidoi proiektu onenak garatuko dira, gidoi bilakatu arte. Horietako bat, gainera, EITBk ekoitzi eta zabalduko du. Aukeratutako proiektuak 30.000 euro jasoko ditu ekoizpenerako. 2024ko maiatzaren 19an emango du epaimahaiak erabaki horren berri.

Maite Goñi EITBren Audio eta Digitalaren zuzendariak esan du EITBn mundu digitalerako euskarri eta produktu natiboen etapa ireki dela, "Audiovisual is digital oinarri hartuta". "Gakoa euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaintzea da, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak. Kasu honetan, fikziozko gidoigintza euskaraz indartu eta bultzatu nahi dugu, ulertuta gidoia edozein ekoizpenen oinarria dela". Aurretik izandako esperientzia ona ere azpimarratu nahi izan du: "Esaterako, "Artxipelagoa" soinu fikzioaren trilogia arrakastatsua ixtear gaude, eta Rikardo Arregi sarietan hiru podcast ditugu finalisten artea, horietako bat, "Hamargarrena" fikzioa".

Maite Goñi eta Edurne Ormazabal

Maite Goñi eta Edurne Ormazabal


Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorraren aburuz, berriz, "2deo ikus-entzunezko laborategiak, 2019 sortu zenetik, talentua eta sormen-testuinguru berriak sustatzea izan du helburu. Besteak beste, mentoretzak eta aholkularitza eskaintzen ditu hiru urtez egin den 2deo Serieak programa arrakastatsuan eta hainbat kolektibo egoiliarren ikus-entzunezko egonaldiak babesten ditu. Deialdi honetan, lehen aldiz, audio proiektuak sustatuko ditugu eta programan parte hartuko duten hiru proiektutatik bat ekoizteko aukera izango dugu EITBri esker".

Edurne Ormazabal, Maite Goñirekin, aurkezpenean

Edurne Ormazabal, Maite Goñirekin, aurkezpenean

Deialdiaren helburua da aurkeztutako hiru proiektu onenen gidoilariei prestakuntza, denbora, espazioa, laguntza profesionala eta laguntza finantzarioa eskaintzea. Epaimahaiak bideragarritasunari eta kaltateari begiratuta aukeratutako hiru proiektu onenak garatu egingo dira, harik eta horiek gidoi bihurtu arte; eta proiektuetako bat hautatuko da gero, ekoizteko. Prozesu horretan, nabarmendu behar da Harkaitz Cano idazle eta gidoilariaren aholkularitza eta laguntza ere izango dutela banakako tutoretzen bidez.

Audiogile Berriak

Audiogile Berriak

Halaber, hiru hilabetez lanerako lekua izango dute hiru proiektuen egileek Tabakalerako ikus-entzunezko laborategian, baita 2.000 euroko dirulaguntza ere, Tabakaleraren kontura proiektuak garatzeko, eta prestakuntzako eta gidoia garatzeko bi egonaldi: lehenengoan, gidoiaren idazketa eta narratiba berriak landuko dira sektoreko profesional ezagunen eskutik; bigarrenean, prestakuntza teknikoan sakondu eta hainbat soinu-ekoizpena arrakastatsuren eredua aztertu eta horien egileak gonbidatuko dituzte.

Azkenean, hautatutako gidoiaren egile edo egileen eta EITBren artean eskubideak lagatzeko nahitaezko kontratua formalizatuko da. EITBk 3.000 euroan eskuratuko ditu eskubideok, eta obra ekoitzi eta zabalduko du.

Izena emateko epea: azaroaren 14tik (12:00) urtarrilaren 8ra (12:00) arte.

Audiogile Berriak egitasmoaren oinarriak eta informazio zabalagoa Tabakalera.eus eta eitb.eus-en aurkitu daiteke.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea