Itxi

EITB TALDEA

SARIA

EITBren "Review" aktualitate proiektua UPV/EHUren PesMes sariarekin nabarmendu dute

EITB Media

Asier Sanchez kazetariak eta Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendariak jaso zuten marketin arloan egiten diren egitasmoak aitortzen dituen golardoa ostiral arratsaldean, Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (Sarriko) areto nagusian.

  • Arantza Ruiz eta Asier Sanchez, sari-emate ekitaldian

    Arantza Ruiz eta Asier Sanchez, sari-emate ekitaldian

Euskal Herriko Unibertsitateak marketin arloko egitasmoak sustatzeko eta aitortzeko bi urtean behin banatzen dituen PesMes (Premios Máster Marketing) sarietako bat jaso du EITBren "Review" aktualitate proiektuak. Asier Sánchez kazetariak sortu eta zuzendutako egitasmoa gizarte-orientazioko marketinaren kategorian nabarmendu dute. Epaimahaiaren ustez, lehen eskuko bizi-esperientzia bat formatu berritzailean kontatzen du, pantailaz haratago doan lengoaia erabiliz. Azpimarratu dute, gainera, plataforma anitzeko eduki sorta honek kontzientziak mugitzen dituela, eta telebista tradizionala kontsumitzen ez duten gazte eta ez hain gazteengana hurbiltzen dela zuzenean. 

"Review" proiektua aitzindari izan da Europa mailan, gaurkotasuna kontatzeko modu berritzailea ekarri baitu. Urtarrilean estreinatu zen lehenengo eduki-sortak Mediterraneo erdialdeko migrazio-krisia jorratu zuen. Sanchezek berak Aita Mari itsas salbamenduko ontzian bizitako 19 eguneko esperientziari heldu zion, hain zuzen ere. Martxoan, berriz, Ukrainako gerraren inguruko saio berezia eskaini zen. Bertan, inbasioaren urteurrenean Kievera bidaiatu zuen EITBko profesionalen gogoetak bildu ziren.

Ostiral arratsaldean, UPV/EHUren Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (Sarriko) areto nagusian egin zen PesMes sarien banaketa-ekitaldia, eta bertan izan ziren Asier Sanchez "Review" egitasmoaren arduraduna eta Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendaria.