Itxi

EITB TALDEA

EITB 2030 Estrategia

EITBren seinale digital berriak munduko ikus-entzule guztien eskura jarriko ditu euskal edukiak

EITB MEDIA

EITBk beste urrats garrantzitsu bat emango du aro digital berrian: azken joera eta garapen teknologikoak txertatuko ditu ETBBasque nazioarteko kanalaren zabalkundea egiteko. Seinalearen kalitatea handitzeaz gain, euskara eta euskal kultura munduko ikus-entzunezko ekosisteman babestuko du EITBk.

  • "Audiovisual is digital"

    "Audiovisual is digital"

EITB azken joera eta garapen teknologikoak txertatzen ari da bere ikus-entzunezko edukiak kontsumo digitalera egokitu eta kalitate estandarrik altuenarekin banatzeko. ETBBasque nazioarteko kanala, tradizionalki Amerikako kable-operadoreei satelite-teknologiaren bidez banatu zaiena, hobekuntza teknologiko horien onuradun izango da. Ondorioz, datorren maiatzaren 1ean, EITBk bere seinalea satelite bidez zabaltzeari utziko dio, eta aurrerantzean sare publikoetatik eta IP teknologiaren bidez (Internet) banatuko die kable-operadoreei. Aldaketak, seinalearen kalitatea handitzearekin batera, zerbitzuaren jarraipen pertsonalizatuagoa egiteko aukera eskainiko dio.

Trantsizio teknologiko hori urrats garrantzitsua da EITB Taldearentzat, euskararen eta euskal kulturaren erreferentziazko hedabide publiko izaten jarraitzeko. Izan ere, munduko ikus-entzule guztien eskura jarriko ditu PRIMERAN, MAKUSI eta GUAU doako streaming plataformak eta ORAIN albisteen eskaintza. Hartara, munduko euskal etxe guztietara iritsiko dira euskarazko telesailak, filmak, dokumentalak, haur eta gaztetxoentzako ikus-entzunezko produktuak, podcastak, musika, soinu produktuak, albisteak…

Gainera, ikus-entzuleak EITBren eduki nagusietara (telebista- eta irrati-kanalak barne) sartzeko beste aukera bat ere badago: NAHIERAN doako aplikazioa. Eskuragarri dago Android eta IOSeko aplikazio dendetan, baita eta telebista adimendunetako dendetan ere, telebistaren bertsoaren arabera (LG, Samsung eta abar).