11:26

Gaztea

Uztailaren 2tik aurrera

Nobedade ugari izango dira Gaztean uda honetan

I.U.

Erredakzioa

'Dida fresh' saioak ekingo dio egunari astelehenetik ostiralera, eta, 22:00etan, tarte bereziak eskainiko ditugu.

  • Gaztea. Uda 2012

    Gaztea. Uda 2012. Argazkia: EITB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Sorpresaz blai dator aurtengo uda Gaztean. Astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:00etara, ‘Dida fresh’ saioa izango da. Euskal Herriko hondartzetan eta jaietan barrena ibiliko gara, uda giroan. Musika ona, berri bitxiak, lehiaketak, informazio eta umorea ez dira faltako. Uztailean, Joseina Etxeberriak eta Ainhoa Vitoriak gidatuko dute magazina, eta, abuztuan, Amaia Artetxek eta Xabier Bolunburuk izango dute ardura hori.

Saio bereziak

Gau parterako ere sorpresa ugari prestatu ditugu Gaztean, 22:00etan hasita. Astelehenean, ‘We are a happy family!’ proposatzen dizuegu, Joseina Etxeberriaren eskutik. Azken bost hamarkadetako musika bilduko dugu, entzuleek goza dezaten. Aspaldiko eta gaur egungo kantarik happy-enak izango dira entzungai.

Asteartean, gure mugetatik kanpo egingo dugu salto. Munduan gazteek zer eta non entzuten duten jakin nahi izanez gero, egin bat ‘Airplayr Chart’ saioarekin. Gaztea buruan eta ibili munduan! Uztailean, Maider Gorostegik gidatuko du tarte berezia, eta Amaia Goikoetxeak abuztuan.

Udan bete-betean murgildu garenez, musika tropikalak, koloretsuak eta beroak aparteko tokia izango du Gaztean. Makalak doinu horiek ekarriko dizkigu asteazkenero, ‘Boom Shaka Laka’n.

Asteburura hurbiltzen garen heinean, musika elektronikoak eta pop estiloak hartuko dute lekukoa. Ibon Fernandezek kanta dantzatuenak proposatuko dizkigu ‘Pop Track’ saioan.

Ostiralean, Arkaitz Basterra eta ‘Summer Cool Klub’ tarteari dagokio giroa berotzeko ardura. Munduko areto cool-enetan entzuten den dance musikaren aukeraketa ekarriko digu, baita remixak eta klub bertsioak ere.

Asteburua

Larunbatero, 11:00etan hasita, Gazteako Top zerrendak errepasatuko ditu Oihan Vegak uztailean eta abuztuan. Single jaitsienez gain, hemen nahiz munduan gehien entzuten diren kantak zeintzun diren jakingo dugu.

22:00etan hasi eta gauerdira arte, Joseba Sacristanek primeran pasatzeko proposamenak ekarriko dizkigu 'Gaztea Go'n.

Armin Van Buuren disko-jartzailea ez doa oporretara udan. Trance musikaren gurua Ibizako klub esanguratsuenetan arituko da, eta bere saio beroenak ekarriko dizkizuegu larunbat gauetan, 24:00etatik 02:00etara: 'A state of trance'.

'Ekaitz Perfektua'ren luxuzko edizioarekin amaituko da astea. Fermin Etxegoienek egindako saio arrakastatsuenak berriz entzuteko aukera eskainiko du Gazteak.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean