Itxi

Donostia

Urtarrilaren 5ean

Errege Magoak zaldiz iritsi dira Donostiara

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Kontxa hondartzatik sartu dira Gipuzkoako hiriburuan. Kabalgata 18:00etan hasiko da.

  • Errege Magoak surf taulekin iritsi ziren iaz Donostiara. EiTB

    Errege Magoak surf taulekin iritsi ziren iaz Donostiara. EiTB

Errege Magoak goizeko 11:00etan iritsi dira Donostiara, ostegun honetan, hirian denbora gehiago egon ahal izateko, eta Antigua, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoak bisitatu ahal izateko, geldiuneak egin baitituzte auzo horietan.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar zaldi gainean iritsi dira Kontxa hondartzatik. Kontxako Pasealekuan zehar ibili ondoren, Miramar kalera joan dira eta, han, antigoaleko automobil estali-gabea hartu dute eta segizioak eta txarangak autobus turistikoan lagunduko diete, bisita egitea pentsatuta zuten auzoetan zehar joateko.

Errege Magoak Jose Maria Sert plazan, Sagastieder plazan eta Juan XXIII plazan gelditu dira, haiengana hurbiltzen diren umeen gutunak jasotzeko. Erregeek automobiletik agurtu dituzte. 14:00etan Udaletxera iritsi dira, eta umeen harrera Udalbatza Aretoan egin da. Ekitaldia 15:30ean hasi da eta bi ordu iraungo du. Ondoren, 18:00etan, Erregeen desfilea hasiko da, Donostiako erdialdeko kaleetan zehar.

Desfilean, Erregeekin batera, trikitilariak, txarangak, suhiltzaileak, tren turistikoa, Dbus autobus hibridoa eta errege bakoitzaren pajeak joango dira. Gainera, ez dira faltako animalia taldeak. Guztira, 598 parte hartzaile izango dira.

Errege magoen karrozen apaindura gai anitzekoa izango da: Meltxorrena "zilarrezko fantasia" izango da, Gasparren "Egipto eta piramideak" eta Baltasarrenaren elementu nagusia hegodun dragoi erraldoia izango da. Desfilea dela eta, trafikoa moztu edo aldatuko egingo da hiriaren erdialdean, eta aldaketak izango dira autobusen geralekuetan.

Guztira, 3.000 kilo goxoki prestatu dira desfilera joaten diren umeentzat -guztiak zeliakoek jateko modukoak izango dira-.

Desfilea 19:00etan amaituko da, eta gero, Errege Magoak ospitaletara abiatuko dira.