Itxi

Herriak eta Hiriak

2018ko Damborrada

Dena prest dute Donostian Danborrada hasteko

eitb.eus

Donostia eta donostiarrak danborradari hasiera emateko irrikan daude. Azpeitian eta Nafarroako Tafalla eta Lakuntza herrietan ere beren danborradak ospatzen dituzte.

  • 2017ko Danborradaren hasiera.

    2017ko Danborradaren hasiera. Argazkia: EFE.

Dena prest dago Donostiako jairik garrantzitsuena ospatzeko. Danborrak, barrilak eta Sarriegiren doinuak protagonistak izango dira berriro San Sebastian egunean. Gero eta lagun gehiagok parte hartzen dute zaletasun handia sortzen duen jai honek. Donostian ez ezik, Azpeitian (Gipuzkoa) eta Lakuntza eta Tafalla herri nafarretan ere ospatzen dira danborradak.

Ohikoa den bezala banderaren igoerak emango dio gauerdi honetan hasiera ofiziala 2018ko danborradari, Konstituzio plazan. Gaztelubide elkarteak eta beste elkarteetako kideek Raimundo Sarriegiren San Sebastian martxa jotzen dutenean, Eneko Goia Donostiako alkateak bandera igoko du. Orduan danborrek doinuz beteko dituzte Donostia 24 orduz.

Aldez aurretik, San Sebastian egunaren ohiko bezperako afariaz goxatuko dute donostiarrek. Zenbait txokotan angula preziatuak izango dira, azken egunotan asko sartu baitira eta jaitsi da horien salneurria. Angulekin edo angularik gabe ez da janari ona faltako elkarteetako afarietan.

Helduen danborrada gehiago

Danborren soinuak nonahi entzungo dira: 17.822 helduk -7.314 emakumek eta 10.508 gizonek- hartuko dute parte San Sebastian eguna ospatzeko antolatu dituzten danborradetan. 143 danborrada ibiliko dira hiriko kaleetan barrena, eta horietatik hiru berriak dira.

Txikienek ere, ez dute atsedenik hartzen

8.046 umek parte hartuko dute San Sebastian eguneko ospakizunetan urtarrilaren 19an eta 20an Donostia erdialdean eta hiriko auzoetan barrena ibiliko diren danborradetan.

Aurtengo berrikuntza Easo Ederraren karrozan izango da: alkate andreak XIX. mendeko gizarte zibileko pertsonaiekin bat egingo du.

Urrezko Danborra

Richard Oribe igerilari paralinpiarrak jasoko du 2018ko Urrezko Danborra, donostiarrek boto bidez lehendabizikoz horrela erabakita. Saria emateko ekitaldia urtarrilaren 20an izango da, haurren danborradaren ostean.

Aurretik, ostiral arratsaldean, Donostiako Hiritar Merezimenduen Dominak banatuko dituzte. Aurten, emakume kirolariak izango dira golardoen protagonistak.

Danborren soinuak 24 orduz

Eguna Konstituzio Plazan amaituko da bandera jaitsierarekin. Euskal Billeraren (90. urteurrena ospatzen du) haur-danborradako danbor nagusia eta urketari nagusia Union Artesanarekin batera arituko dira bandera erriatzean. Orduan, donostiarrek euren danborrak eta barrilak gordeko dituzte datorren urtera arte.

Eguraldiaren iragarpena

EiTBko Eguraldiaren taldearen iragarpenaren arabera, aukera handia dago larunbat goizean euririk ez egiteko Donostian; hortaz, Alderdi Ederren inguruan 12:00etan hasi eta 14:00ak aldera amaituko den Haur Danborrada prezipitaziorik gabe egin liteke.

Hori bai, arratsaldean bustiko du, bai eta egunaren azken orduetan ere. Ostiraletik larunbaterako gauean, Konstituzio Plazan Banderaren Igoera egiten duten bitartean eta festaren lehen minutu eta orduetan, giro freskoa nagusituko da; izan ere, tenperatura 7 bat gradukoa izango da, bai Donostian baita Azpeitian ere. Une horietan, euria egin lezake, euri arina, baina iragarpenak dio prezipitazioak desagertuko direla gauak aurrera egin ahala, eta ateri eutsiko diola larunbat arratsaldera arte.

Donostiako eta Azpeitiko danborradak

Euskal Telebistaren lehen kateak zuzenean jarraituko du aurtengo danborrada, 22:15ean abiatuko den 'Danborrada Gaua' emanaldi bereziaren baitan. Imanol Artola, Maite Eskarmendi eta Naiara Gago Donostiako Konstituzio plazan izango dira eta zuzenean emango dute festaren nondik norakoen berri.

Ostiral gauean, halaber, ETB1ek zuzeneko konexioak egingo ditu Izaro Iraetarekin eta Miguel Zendoiarekin, unean-uneko kontakizuna jasotzeko. Donostiako danborrada bukatutakoan, ETB1ek oso-osorik emango du Azpeitiko ospakizuna, 00:45etik aurrera.

Larunbatean, berriz, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:45ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. este behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azaltzen.

Ospakizunei amaiera emateko, Donostiako alkateak, Eneko Goiak, bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an gaueko hamabietan.

Imanol Artolak eta Maite Eskarmendik egingo dute kontakizuna 23:45etik aurrera ETB1en.

eitb.eus-en streaming bidez

eitb.eus-ek Danborradaren ekitaldi ezberdinen jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.