Itxi

Albisteak

Gasteizen

Errekaleorren izango da 'Faktoria', ostiralean

G. U. | ERREDAKZIOA

Alavesek finala jokatu bezperan, Pilar Garcia de Salazar Arabako ahaldun nagusi ordearekin egin dugu hitzordua albistegian, Madrilgo 'Araba Hiria'ri buruzko xehetasunak eman diezazkigun.

'Faktoria' saioaren unitate ibilitaria Gasteizko Errekaleorrera joango da ostiral goizean. Iberdrolak joan den astean moztu zien argindarra, eta Gasteizko Udalak auzoa eraisteko agindua eman dio aste honetan hirigintzaz arduratzen den 21 Zabalgunea elkarte publikoari. Egun hauek nola bizi dituzten eta proposatzen duten eredua nolako den azalduko digute auzoan bertan, Errekaleor Bizirik elkarteko ordezkariek. Nolanahi ere, hori ez da Araban izango dugun interesgune bakarra izango. Alavesek Bartzelona futbol taldearen kontra larunbatean jokatuko duen finalaren bezperan, Pilar Garcia de Salazar Arabako ahaldun nagusi ordearekin egin dugu hitzordua albistegian, Madrilgo 'Araba Hiria'ri buruzko xehetasunak eman diezazkigun.

Saioa 07:00etan hasiko da, eguneko albiste nagusien errepasoarekin. 08:00etan, Iñigo Alustizak hartuko du 'Albiste Faktoria'ren gidaritza. Alaves futbol taldearen zaleak Madrilera bidean dira, eta, saioa hasteko, Pilar Garcia de Salazar Arabako ahaldun nagusi ordearekin hitz egingo dugu Madrilen jarriko duten Araba Hiriaz. 08:30ean, solasean arituko dira Maite Ubiria eta Felipe Juaristi. Gainera, Unai Ortuzarrekin egin dugu zita, PSE-EEren idazkari nagusirako hautagai izateko bidean Idoia Mendiak izango duen aurkariarekin. 09:00etako albiste errepasoaren ostean joko dugu Errekaleorrera, auzoaren egoeraren berri eman diezaguten. 09:30 aldera, alkateen solasaldia izango dugu Ibon Uriberekin (Galdakaoko alkatea), Luis Intxausperekin (Hernanikoa) eta Mikel Serranorekin (Zumarragakoa).

10:00etan, Ainhara Zuazabeitiak hartuko du lekukoa. Hasteko, Cannesko zinemaldiaren berri emango digu Begoña Del Tesok. Ondoren, Mikel Gartziak eta Jurdan Arretxek asteko titularrak aztertuko dituzte. Kirol aurrerapena egin ondoren, Urdaibai Bird Center zentroarekin bat egingo dugu, Edorta Unamunorekin hitz egiteko.

11:00etan, Donostiako Aquariumera joango gara, joan zen astean jaio ziren olagarro-kumeak zer moduz dauden jakitera. Putre habiari kamerarekin jarraipena egiten ari zaion Gotzon Aranburu ere ezagutuko dugu. 11:30ean, Garbiñe Agiriano psikologoaren tartea zabalduko dugu. Gainera, Itziar Nogeras Mungiako Larramendi ikastolako zuzendariak emango digu igandean egingo duten Ibilaldia jaiaren berri.

12:00etan, Nagore Telleriak asteburuan 'Amarauna' saioan izango dituzten eduki nagusien aurrerapena egingo digu. Ondoren, Ane Muñozen film proposamena entzungo dugu, eta zinema karteldegiari ere begiratuko diogu.

07:00etatik 13:00etara arituko da lanean 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskadi Irratia