Itxi

Albisteak

Asteartean

Gorka Urtaran, 'Faktoria'n

ERREDAKZIOA | G.U.

Gasteizko alkatea 09:30ean elkarrizketatuko dugu. Magazinean, bestalde, Pili Manterolak eta Igor Zalakainek plater bana prestatuko dute Maddalen Arzallusen hozkailuan aurkitutako janariekin.

  • Gorka Urtaran

    Gorka Urtaran

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea izango da astearte honetan 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. 09:30etik aurrera erantzungo die Maite Artolaren galderei; besteak beste, Eurobasketeko saskibaloiko lauko finalaz, Forondako aireportuaz edota Errekaleor auzoaren etorkizunaz arituko dira. Bestalde, magazinean, Donostiako Dbus konpainian gazteek adinekoei autobusetan laguntzeko martxan jarritako ekimenaz ariko gara, eta, 'Sukaldari Dema'n, Maddalen Arzallusen hozkailua miatuko dugu.

07:00etan hasiko da albistegia, Iñigo Alustiza gidari. 07:55 aldera, Maite Artolak hartuko du lekukoa, eta Amatiñoren zutabea entzungo dugu. 08:30ean, solasaldian izango ditugu Maite Ubiria, Iñaki Galdos eta Iker Rioja. 09:30ean, Bittor Oroz elkarrizketatuko dugu, eta, ordua ixteko, Itxaso Mendiluze arte komisarioaren tartea entzungo dugu.

10:00etan, Manu Etxezortuk hartuko du gidaritza, magazinari ekiteko. Hasteko, Eneko Axpe 'Maisha' sartuko zaigu Kaliforniatik, bere 'Arts&Science' tartea osatzeko. Gero, 10:30 aldera, Donostiako DBus autobus konpainian abiatu duten egitasmoaz jardungo dugu: gazteek adineko pertsonei autobusetako sartu-irtenetan edo behar dutenean laguntzeko egitasmoa. Bertan izan gara, eta zuzenean ikusi dugu zertan datzan. Gainera, 'Ekosfera' tartea zabalduko dugu Jokin Aldazabal lankidearekin, Bilboko bosgarren edukiontziaz aritzeko.

11:00etako kirol aurrerapena egin ondoren, Nerea Ibarzabal, Xabier Amuriza eta Karlos Cid kolaboratzaileen 'Direnak eta Ez Direnak' tartean, galdera hauxe egingo dugu: ezkerrekoa aberatsa izan daiteke?

12:00etan, 'Sukaldari Dema'n, Maddalen Arzallus bertsolariaren hozkailuko osagaiekin proposatuko dituzte errezetak Pili Manterolak eta Igor Zalakainek. 12:30ean, musikaz eta bizitzaz ariko zaigu Agus Barandiaran.

07:00etatik 13:00etara izango da martxan 'Faktoria'.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Irratia euskaraz