Itxi

Faktoria

Arnaldo Otegi

'Ni izango naiz lehendakarigaia, EH Bilduk ez du beste inor izendatuko'

B. F.

Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren atarian, Arnaldo Otegi EH Bilduko kidea elkarrizketatu dugu Euskadi Irratiko 'Faktoria'n.

  • 19:45 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ostegunean, Auzitegi Konstituzionalak emango duen ebazpenaz dituzten aurreikuspenez aritu da Otegi. Bere ustez, termino juridikoetan eztabaidarik ez dagoenez, Auzitegi Konstituzionalak gaia ikuspuntu politiko batetatik abiatuta planteatuko du. Hala ere, Otegik eta bere defentsak itxaropena dute, erabaki politikoa juridikoki janzteko arazoak izango dituztelako.

Arnaldo Otegik adierazi duenez, ebazpena ezezkoa izanda ere, EH Bilduk ez du beste lehendakarigairik proposatuko. Erabaki honekin aurrera egiteko arrazoia ere azaldu du EH Bilduko kideak 'Faktoria'n: Independentziaren aldekoak izanda, “gauzak koherentziarekin egin behar dira”, eta ezin dute onartu Espainiar Estatuak nor aurkeztu daitekeen erabakitzea. Otegiren hitzetan, Espainiar Estatuak ez du bermatzen herri honen “nazio izaera eta ongizatea”, eta Euskal Herriak tresna burujabeak beharko lituzke egoera honi aurrera egiteko.

EH Bilduk kanpaina honetarako egin dituen aldaketez ere aritu da Otegi. Bere ustez, aurretik zuzendaritzan zeuden aurpegi ezagunen ordezkatzea “ezin da ulertu haustura gisa”. Zikloak bete egiten direla, eta pertsona oso prestatuez jositako taldea aurkeztu dutela uste du politikariak. Gainera, helburua independentzia lortzea dela, eta ordezkari politikoak tresnak baino ez direla azpimarratu nahi izan du Otegik.

Independentziaren gaiarekin jarraituz, PNV eta Podemosi egindako proposamenak “oharkabean pasatu” direla adierazi du Otegik. Horrez gain, lehendakariarekin, alderdi politikoekin eta eragileekin gaiaren inguruko eztabaida izatea gustatuko litzaiokeela argitu du; independentziaren prezioaz aritu beharrean, “dependentziaren prezioaren inguruko” solasa planteatu beharko luketela uste du Otegik.

Presoen gaixoen auziari dagokionez, gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan mantentzea “krudelkeriatik” baino ezin daitekeela ulertu esan du politikariak 'Faktoria'n, eta EH Bilduk gai hau mahai gainean jartzeko konpromisoa hartu duela argitu du. Estatu Espainiarrak “presoen auzia txantajerako” erabiltzen duela gaineratu nahi izan du Arnaldo Otegik.

Arnaldo Otegik.