Itxi

Faktoria

Ondarroako kofradiatik

Joseba Markierkiaga: 'Zapo batekin gazte batek ez daki nondik hasi ere'

Euskal Herrian arraina portuan ahoz saltzen duen azkenetakoa da. Ondarroako portuan dihardu lanean eta ofizioaz, arrantzaz eta arraina jateko ohituraz jardun dugu harekin.

  • Joseba Markierkiaga

    15:49 min
imagen player
imagen player
imagen player

Erosketak egitean, arraindegira joaten garenerako, erakusleihotik gustukoena aukeratu eta erositakoa etxera eramaten dugunerako, goizean goizetik jendea lanean ari da, besteak beste, arrantzaleek portura dakartzaten arrainak lojan enkantean saltzen jarduten dutenak. Esaterako, Joseba Markierkiaga. Ondarroako portuan arrain enkanteak ahoz egiten ditu, eta horrelakorik Euskal Herrian egiten duen azken saltzaileetakoa da. 'Faktoria' magazinean izan dugu.

Kontatu digunaren arabera, Ondarroako kofradian arrainen % 1 edo % 2 saltzen da ahoz, beste guztia baliabide elektronikoen bitartez. 42 urte daramatza berak lan horretan. Egunero goizaldeko lauretan jeikitzen da eta enkantea bost eta erdietan egiten dute. Azkena astelehenean egin zuen: marraxoak eta kaelak saldu zituen, 10 bat tona arrain eder.

Arraina ahoz saltzea teknologiaren erosotasunaren alde galtzen ari den bezalatsu, arrantzak berak eta arrain freskoa jateko ohiturak ere behera egin dutela nabarmena da. Sasoi batean, Ondarroan, 100 txalupa baziren, egun 27 direla kontatu digu Josebak. Erosleak ere, garai batean, Bartzelona, Madril edo Santanderretik etortzen ziren Ondarroako portura. Egun, gazte jendeak ez du arrainik bereizten. "Orain berrogei urte, andre batek edo gizon batek zapo batekin bazekien zer egin, baina, gaur eguneko gazte batek ez daki nondik hasi ere", gehitu du. Entzun hemen!