Itxi

Faktoria

Michel Etcheverry

Ezinago maitaturik... Euskal Herria

Herri-kanta ezagunen moldaketa dotoreekin osatu du bere disko berria Heletako kantariak.

  • 22:39 min
imagen player
imagen player
imagen player

Ipar Euskal Herrian kantari ezagunik eta ioririk baldin bada, hori Michel Etcheverry da. Hegoaldean ez da hain ezaguna, baina Heletan 1948. urtean sortutako Michelek 60 urte daramatza abesten. Ziur ez daki hogeitazazpigarrena edo hogeitazortzigarrena duen Ezinago maitaturik izeneko diskoa. Baina argi utzi du izenburuko 'Ezinago maitaturik' borobiltzen duena "Euskal Herria" dela. Hamar herri-kanta ezagunek osatzen dute diskoa. Agorilak argitaratutako lana Hegoaldeko musikariekin batera grabatu du, bere ibilbidean lehenengo aldiz, eta benetan pozik da emaitzarekin. Miren Fernandez abeslariak eta Antxon Sarasua eta Josean Martin musikariek osatzen dute lan-taldea, besteak beste.

Baina, kantuan oso txikitan hasi arren, pilotari gisa egin zen oso ezagun lehendabizi… Esan behar da, besteak beste, 1975.urtean, inoiz berdindu ez den errekorra bete zuela: Euskal Herriko txapelketan 3 aldiz txapeldun eta Frantziakoan ere bai, hiru espezialitateetan: frontoia, ezker pareta eta trinketean. Eta, bada anekdota deigarri bat haren biografian, pilotari lotuta… Izan ere, 1970eko irailaren 19an, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (orduan sasoian Anoeta deitzen zen pilotalekua) Munduko Pilota Txapelketan jokatu zuen… Eta han zen, ikusle, Franco diktadorea ere… Eta han zen Joseba Elosegi ere, honek bere buruari su eman zion egun hartan. Etcheverryk esan digu ez duela sekula ahaztuko egun hura.

1982. urtean utzi behar izan zuen pilota, halabeharrez, eskuan hartu zuen infekzio baten ondorioz, baina kantatzeari ez dio sekula utzi. Pilotak hara eta hona eraman zuen, txapelketaz txapelketa. Ameriketan ere behin baino gehiagotan izan zen. Baina kantuak ere 14 aldiz eraman du Atlantikoaz beste aldera. Azkena, iaz. Orduan Argentinan izan zen, hango Euskal Astearen ospakizunetan, beste kantari batzuen artean, Mikel Urdangarinekin batera. Entzun hemen elkarrizketa osorik!