Itxi

Faktoria

Diziplina positiboa

Sara Sanabria, psikologoa: 'Bi urteko ume batek mahaia batu dezake'

Haur eta gaztetxoek, euren garapen psikologikoaren prozesua ulertu eta errespetatzen badugu, erantzukizunak eta ardurak ikas ditzakete.

  • 19:22 min
imagen player
imagen player
imagen player

Otorduetan bere lekuan geldi egon ezin den umea, etxeko lanak egiteko gogorik ez duen haurra, bideojokoari muturra pegatuta orduak eta orduak geratzen den nerabea, bere logela ordenatu gabe… Eguneroko bizitzako egoerak dira. Guraso bakoitzak ahal duen moduan konpontzen dituenak. Baina, batzuetan, gainezka egiten digute eta makilatxo magiko bat izan nahiko genuke zenbait egoerari aurre egiteko. Bada, horrelakoetan, gurasoak lagun ditzakeen tresna bat diziplina da. Hobe esanda, diziplina positiboa. Bati baino gehiagori beldurra ematen dio diziplina hitzak, egia esan. Horregatik, diziplina positiboa zer den eta nola landu Sara Sanabria psikologoak kontatu digu 'Faktoria'n. Hain zuzen ere, diziplina autoritarismoarekin nahasten dugu eta ez dauka zerikusirik horrekin, Sanabriak esan digun moduan.

Izan ere, diziplina hitzaren erroa latinezko 'discere' da, alegia, ikasi. Eta ikasi, adin tarte bakoitzean dagokion moduan, haur guztiek ikas dezakete. Inportantea da haur eta gaztetxoak entzutea eta beren garapen prozesua errespetatzea. Izan ere, "guk nahi izaten dugu haiek helduek bezala egitea gauzak" eta hori ezin da. Haur txikiek, esaterako, etxeko arduretan parte hartu dezakete jolasaren bitartez, jolasa delako beraien interes nagusia bi-hiru urte inguru dituzten haurren kasuan. Horrela, jolasaren bitartez, diosku Sarak, "bi urteko ume batek mahaia batu dezake" edo ikuzgailuan arropak sartu. Espainiako Diziplina Positiboko Elkarteko kide den Sarak azpimarratu du haur eta nerabeek ikas dezaketela ardura, etxean, denona dela. Horretarako, gurasoen koherentzia beharrezkoa da: gure hitza mantendu beharu dugu eta ez amore eman, esaterako, kasketa bat saihesteagatik. Entzun hemen elkarrizketa osorik!