Itxi

Faktoria

Lan erreformaz

Biurrun: "Indargabetzeko arazo teknikorik ez dago; beste gauza bat da politikoki Europarekin zer lotu den"

P.G. | EITb Media

Euskadiko Justizia Auzitegi  Nagusiko lan arloko epaileak ez du ulertzen zergatik esan duen Yolanda Diaz Lan ministroak ez dela juridikoki posible 2012ko lan erreforma indargabetzea: "Hura derogatzeko artikulu bat jaso liteke, adibidez, berria osatu arte aurrekoa berreskuratuz eta listo". 

  • Garbiñe Biurrun

    Garbiñe Biurrun

    24:07 min
imagen player
imagen player
imagen player

Garbiñe Biurrun Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko lan arloko epaileak oraintxe negoziatzen ari direnaz informazio askorik ez duela aipatu du "Faktorian" egindako elkarrizketan, baina iritzi dio behin-behineko kontratuen iraupena hiru hilabetera mugatzeko proposamena ez dela egingarria: "Oso zaila eta ezinezkoa iruditzen zait. Ez du inolaz ere lan merkatuak behar duena aseko. Horrelako muga orokorra jartzen bada, salbuespenak egin beharko dira".

Biurrun kezkatuta mintzatu da lan erreformaren negoziazioaz, "ez dakidalako gobernu honek koalizio akordioan agindutakoa nola beteko duen". Biurrunek ez du ulertzen zergatik esan duen Yolanda Diaz Lan ministroak ez dela juridikoki posible 2012ko lan erreforma indargabetzea: "Hura derogatzeko artikulu bat jaso liteke, adibidez, berria osatu arte aurrekoa berreskuratuz eta listo. Teknikoki ez du arazorik, beste gauza bat da politikoki zer dagoen eta zein beste konpromiso hartu diren Europar Batasunarekin. Hori da niretzat kezkagarriena".

Behin-behinekotasunari aurre egiteaz

Behin-behinekotasunari aurre egiteko aldi baterako kontratuen kopurua eta iraupena hiru hilabetera mugatzeko proposamenaz, aldiz, Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileak iritzi dio lan merkatuaren beharrak ere kontuan hartu beharko direla, "arlo ezberdinen arabera egin beharko da eta hiru hilabeteko epea jartzea zaila eta ezinezkoa iruditzen zait. Zer gertatuko da ordezkapen bat hiru hilabetetik gorakoa denean? Badirudi horrelako mugak jartzea ezinezkoa izango dela edo salbuespenak egin beharko direla". Gakoa, dena den, enpresetan gauzak gaizki egiten direla azpimarratu du: "Iruzurrean edo lege maulan egiten dira. Aldi baterako kontratuekin betetzen dira egiturazkoak diren lanpostuak. Espainian eta, hemen, Euskadin. Eta gero eta merkeagoa eta errazagoa denez kaleratzea, gero ez da hain larria kaleratzea, nahiz eta kontratua gaizki egon. Ordaindu eta kito".

Lan merkatua modernizatzeko, 1980ko Langileen Estatutua berritzea beharrezko jo du eta horrekin batera, azpi-kontratazioak mugatzeko lege bat osatzea. Pandemian izan diren kaleratze kolektibo hainbat baliogabetzea defendatu du, "legeak pandemia garaian kaleratzea debekatzen duelako, eta helburu hori lortzeko irtenbide bakarra delako. Kaleratzeak bidegabeak joz gero, enpresak kalte-ordainak ordain ditzake, eta, normalean, hori egiten du, baina, orduan, lanpostuak eta enplegua galtzen dira pandemiaren legea zen hain zuzen, enplegua ez galtzeko". Halere onartu du, Asturiasen eta Euskadin bakarrik egiten dutela irakurketa hori epaileek eta beraz, Auzitegi Gorenak zer esaten duen zain daudela.

Sektore publikoan bitarteko langileak finko egiteko bide berezi batetik egiteaz, merituak aintzat hartuta eta hainbat baldintza beteta, bi gauzak kezkatzen dute: eztabaida sozialak eta "juridikoki ikusi egin beharko dela horrelako arau batek gaindituko ote duen Auzitegi Konstituzionalaren aurrean aurkez daitekeen balizko errekurtso bat".