Itxi

Faktoria

Elkarrizketa

Aburto: "Akordioak egin eta norekin egin alderdiaren eskumena da. Neure asmoa beti da besteekin lan egitea”

EITB Media

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuhur hitz egin du gehiengo osoa lortzeko aukeraren inguruan, eta lortuko balu ere, gainerako alderdiekin elkarlanean aritzea izango da bere agintaldiaren oinarria.  

  • Juan Mari Aburto EUskadi Irratian

    Juan Mari Aburto EUskadi Irratian

    21:20 min
imagen player
imagen player
imagen player

62 urte bete dituen egun berean etorri da "Faktoria"ra Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta EAJ-ren alkate izateko hautagaia, eta EITB FOCUS inkestak aurreikusitako emaitza onen aurrean esan du berarentzat oparirik handiena litzatekeela bi hilabete barru egingo diren hauteskundeetan inkestako boto asmoa errealitate bihurtzea. Aburto prest dago beste lau urteko agintaldiari aurre egiteko: "gero eta esperientzia handiagoa daukat, eta hori positiboa da. Hasierako ilusio berdina daukat gainera".

EITB FOCUS-ek gehiengo osotik ordezkari bakarrera dagoela aurreikusi dio Aburtori, baina argi dio egoera guztien aurrean bere asmoa "besteekin lan egitea" izango dela. "Akordioak egin ala ez eta norekin egin alderdiak erabakiko du. Bere eskumena eta bere betebeharra da. Hala ere, herritarrek nahi dute alderdiak elkarlanean ikustea".

 Bilboko alkatea pozik dago bere agintaldian zehar lortutako lorpenekin, eta hiria "nahiko ondo" dagoela iritzi dio. Horregatik, herritarren eskariak gero eta luxuzkoagoak dira.

Segurtasuna kezka

Azken urtean hiriko delituek ehuneko 116 egin dute gora, baina alkateak ez du uste segurtasun "gutxiago" dagoenik. "Argi dago delituak igo direla, baina poliziaren eraginkortasuna ere handitu da eta gauzak ondo egiten ari gara. Gero eta polizia gehiago dago, eta izugarrizko ahalegina ari gara egiten arlo horretan". Gaineratu du batzarrak ere egin dituztela fiskaltzarekin eta epaileekin "poliziaren eraginkortasunaren ostean justizia ere eraginkorra izan dadin". Zentzu horretan, delitugileei zuzendutako ohartarazpena egiteko baliatu ditu Euskadi Irratiko mikrofonoak: "gaizkileentzat gero eta zailagoa da Bilbon delituak egitea eta badakite behin eta berriz delituak egin dituztenak euren herrira bidali ditugula".

Hiriaren eraldaketa

Datozen urteetan, hiriak eraldatzen jarraituko du, eta, bide horretan, eguneroko bizitzari lehentasuna emanda, Abandoko geltoki inguruko proiektuan egin du azpimarra. "Neure asmoa da proiektua gero eta hurbilago izateko lan egitea, baina ez dut eperik jarriko, hainbat unetan izugarrizko etsipena eragin didalako proiektuaren atzerapenak". Aburtok espazio gehiago nahi du bideratu oinezkoentzat, eta, emisio gutxiko eremuari dagokionez, datuak ikertzen ari dira "eremu hori ondo zehazteko".

Frantziako Tourra "izugarrizko marketing kanpaina"

 95 egun barru Bilbotik abiatuko den Frantziako Tourrak ilusio berezia eragiten dio Aburtori, munduko hainbeste etxeetan sartuko garelako telebistaren bitartez, eta hori "izugarrizko marketing kanpaina". Bere ustez, Tourraren ostean, "pertsona askok ikusiko dute Bilbo hiri erakargarria, dinamikoa eta segurua dela eta askok erabakiko dute etortzea. Gainera, garrantzitsua izango da txirrindularitzari bultzada emateko, eta gure asmoa izango da Tourraren ostean Bilboko kaleetan bizikletari garrantzia handiagoa ematea".