Itxi

Faktoria

PUTXAINEAKO AHIZPATASUNA

Campistrondarrak: "Queer-ik gabe ez da goxoki bizitzen ahal"

Jon Artano Izeta | EITB Media

Joan-jinekoa da hiruren istorioa. Joan-jina arteekikoa, joan-jina borroka eta bestarekiko, eta joan-jin emozional zein fisikoa sorterriarekiko. Hirurak dira sortzaileak eta konformagaitzak. Beren artekoaz eta arteekiko beren harremanaz aritu dira Mari, Dom eta Ael Campistron, Putxaineako ahizpak.

  • Mari, Ael eta Dom Campistron

    Mari, Ael eta Dom Campistron

    28:38 min
imagen player
imagen player
imagen player

Afixagintza, ilustrazioa, mosaikoa, risografia, diseinua, jantzigintza, kabareta... ez dira alor bakarrean etsitzekoak. Hirurek xerkatu dituzte haize berriak Euskal Herritik kanpo, eta txandaka, hirurei iritsi zaie sorlekuan sartzeko grina. Campistron ahizpak elkartu ditu "Faktoria"k Baigorrin, solasaldi goxo baten egiteko.

Beren hezkuntzaz, elkarrekin sortzeaz, Baigorri inguruan sortzen ari diren konplize sareaz eta etorkizunerako planez mintzatu dira. Nafarroaren eguneko bestondoa erabat ahantzi ez dutela izan da zita, eta probestu dute salatzeko LGBTIQ+ bi aldiz urratu dietela besta egun horretan. "Usu jendeek erraten dute bah, orain ez da homofobiarik, bizi zarete trankil, ez duzue problemarik... baina ikusi dugu, atzo bertan, bandera batek zer herra sortzen duen!".

Mari da Euskal Herritik kanpo bizi den ahizpa bakarra. Urte asko daramatza kanpoan eta itzultzeko asmoa duela kontatu du irratiz. Hiru senideak amatxirekin, Maite Arambelekin, hazi ziren gehienean, eta harentzat ere izan dituzte solasak berriketaldian: "Berak ez daki baina amatxi feminista da. Emeki-emeki, erlijioak jarritako trabak gaindituz, gure borroka konprenitu du (...) Bistan dena: ez ditugu gauza oro berdin pentsatzen, baina gure amatxi gai izan da gure borroka onartzeko eta horrek esperantza ematen digu gizarte osoarentzat".