Itxi

Faktoria

Eutanasia

Itxaso Bengoetxea: "2023an 10.000 bizi-testamentu egin ziren eta % 87an jaso zen eutanasiaren aukera"

JOne Larrañaga | EITb Media

Eutanasiaren Berme eta Ebaluazio batzordeko lehendakariak jakinarazi du legea indarrean sartu zenetik 85 eutanasia gauzatu direla Euskadin. Errealitate normalizatua dela dio eta uste du, eskariek gora egiten jarraituko duela. "Legea ere errealitate berrietara egokituko da", iritzi dio

  • Itxaso Bengoetxea Eutanasiaren Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea

    Itxaso Bengoetxea Eutanasiaren Euskadiko Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidentea

    18:27 min
imagen player
imagen player
imagen player

Hiru urte beteko dira datorren hilean eutanasia legea indarrean sartu zenetik. Geroztik, aukera hori normalizatu egin dela dio Itxaso Bengoetxea Euskadiko Eutanasiaren Berme eta Balorazio Bazordeko presidenteak eta horren adibide gisa azpimarratu du ondoko datua: iaz, 10.000 lagunek egin zituzten aurretiazko borondateak eta horien artetik % 87k jaso dute bertan, unea iritsiz gero, eutanasia aktibatzea nahiko luketela.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain arte, 205 eutanasia eskari abiatu dituzte gaisoek eta horietatik 121 iritsi dira Berme eta Ebaluazio batzordera. Maiz, patologiak oso aurreratuak daudenean egiten direnez, eutanasia burutu aurretik hil dira eskatzaile asko. Berme batzordera iritsi diren kasuen artetik, %70tik gora onartu dira. Zehazki, 85 eutanasia prestazio egin dira hiru urte hauetan, horien artetik 62, 2023an.
Urterik urte gora egiten joan da kopuru hori eta hurrengo urteetarako bilakaera ere goranzkoa izango dela uste du Bengoetxeak. Uste du, gainera, Herbereetan edo Kanadan gertatu den bezala, eztabaida berriak zabalduko direla, adibidez, gaitz psikiatrikoei lotutakoak. Espainiako Konstituzio Auzitegiak gaisotasun horiek dituzten gaisoak eutanasia eskatzaileen artetik kanpo utzi ditu. Bengoetxeak jakinarazi du baina, debatea zabalik dagoela berme batzorde guztietan eta Osasun Ministerioak batzordea osatu berri duela gaia aztertu eta proposamen berria egiteko. "Legea bera, lehenengoan ondo egitea oso zaila. Esperientziak erakusten du zer dagoen ondo eta zer hobetu behar den, zer aldatu behar den", adierazi du