Publizitatea
X

Irratia zuzenean

Ane Santestebani elkarrizketa: istripuaren ondoren, entrenatzen hasi da

Kirol Legez

Txirrindularitza

Pedalei eragiten berriz ikasi ostean, Ane Santesteban bizikleta gainean da

2017/04/19

Duela hilabete istripu larria izan zuen errenteriarrak. Bide bazterrean topatu zuten, itxuraz, entrenatzen ari zela ibilgailu batek jo ostean. Ez du ezer gogoratzen, eta aurrera begiratu nahi du.

  • 5:52 min
  • Partekatu
  • Bidali

Iruzkinak

Bizikletaren Egunean, Euskal Herrian egun dugun txirrindulari handienetako bat izan dugu Euskadi Irratian: Ane Santesteban. Hilabete igaro da errenteriarrak istripu larria izan zuenetik, eta, "pixkanaka, hobeto" dagoela esan dio Arritxu Iribar lankideari. Jada hasia da bizikleta gainean entrenatzen, baina "oso poliki". Izan ere, "hasieran, buruari kosta egiten zitzaion mezua oinetara bidaltzea". Berriz ikasi behar izan du, beraz, pedalei eragiten. Lehenengo, hanka batekin hasi zen entrenatzen, gero, bestearekin... Oraindik ez da intentsitate handiarekin ari, baina hasia da jada egunean hiru bat orduz lanean.

Istripuaz ez dela ezer gogoratzen esan du Santestebanek. Gabierrotako etorbidean, Errenteriatik Larzabalera doan bidean, aurkitu zuen bikote batek txirrindulari olinpikoa, lurrean etzanda, konorterik gabe, eta odol putzu baten gainean. Bizikleta, berriz, sasi artean zegoen ezkutatuta eta lurraren aurka jo izanaren markak zituen. "Udaltzaingoak ikertzen jarraitzen du, baina inork ez du ezer ikusi, eta nik ez dut ezer gogoratzen. Beraz, ez dut gehiago pentsatu nahi; aurrera begiratu nahi dut, eta nire bizitza normalera bueltatu", aitortu digu.

Uste baino ondorio larriagoak izan zituen istripuak bere buruan. Ospitalean esnatu zenean, uste zuen buruko mina besterik ez zela, baina, errealitatera bueltatzean, gauza normalak egiten hastean, "bizikletan ibiltzen, pasiatzen, ikasten...", ohartu zen begiak lausotuta zituela, eta nahiko lan zuela bizikletari eragiteko. Pentsatzen zuena baino gogorragoak izan ziren ondorioak, baina hilabete pasa da, eta "askoz hobeto" dagoela aitortu digu. "Nahi dudan guztia lortzen ari naiz", adierazi digu. Buruko minez jarraitzen du oraindik, baina medikuek esan diote luzarorako izango duela hori. Min "horrekin bizitzen ikasi" behar izan duela aitortu digu.

Denboraldia erabat birmoldatu izan behar du txirrindulari gipuzkoarrak, baina, hilabete barru, bere herrian, Errenterian jokoatuko den Emakumeen Biran parte hartzeko moduan izango dela esan du. Taldearekin hitz egin du, eta bere itzulera proba horretan izatea nahiko lukeela esan die: "Uste dut baiezkoa izango dela, eta oso motibatuta nago". Pasatako guztiaren ostean, parte hartzea bakarrik garaipen handia izango litzateke Santestebanentzat.

Iruzkinak

Publizitatea
Publizitatea

Bisitatuena

    Kargatzen ikusiena
        Kargatzen ikusiena